Zer moduz doa denboraldia?
Iaz izan nuen lesio larriaren ostean uda aurretik hasi nintzen argi apur bat ikusten. Hanka hauts eginda geratu zitzaidan, eta izugarri kosta zait errekuperatzea. Poliki-poliki banabil nire onera itzultzen, eta Euskadiko Txapelketan bigarren egin dut lasterketa guztietan, Txomin Aranaren atzetik. Azkarra da.
Iazkoa izan zen orain arte izan duzun lesio larriena?
Bai, zalantza barik, baina horrenbeste izan ditut... (Barre). Lehenago ere hainbat eroriko izan ditut, ebakuntzak egin izan dizkidate bi sorbaldetan, baita eskuin hankan ere. Baina iaz dena irten zen aldrebes. Urte hasieran motorretik erori eta ezker hankako lokailuan gurutzatua egin nuen; hala ere, lurretik altxa eta lasterketa irabazteko gauza izan nintzen, baina ezin izan nintzen podiumera igo saria jasotzera.
Ondoren ebakuntza egin zidaten, eta dena aldrebestu zen hor. Operazio-gelako birus horietako bat hartu nuen eta arazo handiekin ibili nintzen, ezin errekuperatu. Beste hiru ebakuntza egin behar izan zizkidaten, eta herren geratzeko arriskua nuela ere esan zidaten. Gogorra izan zen momentu hura. Erreabilitazioa Aimar Olaizola pilotariarekin batera egin nuen, eta lagun egin ginen. Kontuak kontu, hamar kilo galdu nituen, hanka erabat makalduta geratu zitzaidan, eta errekuperatzeko lanean nabil oraindik ere.
Motokrosean erorikoak garesti ordaintzen direla.
Maila batetik aurrera bai, abiadura handian joaten gara.
Aurrekoa baino azkarragoa zarela jakin, eta berotu egiten zaren horietakoa zara?
Oraindik bai, baina lehen baino gutxiago. Erorikoekin ikasten da burua hotz mantentzen, motor gainean zoro samarra izan naizelako beti. Baina, motorretik eroriz gero badakizu hilabeteak egin ditzakezula lesionatuta.
Lesio kontuak alde batera utzita, aurten zure kabuz ari zara korritzen.
Bai. Denboraldi hasieran izan nuen Enduroan hasteko eskaintza ona, motorrean lehiatzeko gastu ia guztiak etxe batek ordainduko zizkidalako, baina lesiotik errekuperatu gabe nengoen eta banekien ez nuela maila ona emango. Hala, ezetz esatea erabaki nuen, eta motokrosean urtebetez nire kabuz jarraitzea.
Zorionez, Espainiako Txapelketako hainbat probatan lasterketa onak egin ditut, baita nazioartekoren batean ere, eta horrek babesleen interesa pizten du. Datorren denboraldira begira bi eskaintza txukun jaso ditut, motokrosean jarraitzeko.
Baina zaila izango da kirol honetatik bizi izatea.
Ia ezinezkoa. Espainian ez dut uste inor bizi denik honetatik, eta nazioarteko onenak ere justu ibiltzen dira, gastu handiko kirola delako. Eta kontuan izan lesio bat izanez gero pikutara doala dena. Gertatzen dena da nirekin lehiatzen diren pilotu askok sekulako erraztasunak dituztela, etxean dirua dutelako. Motor azkarrak, mantenu onena... Horiekin alderatuz besteok larri-larri ibiltzen gara (Barre).
Nire kasuan, lasterketetan parte hartzeko izen-emateak ordaintzen dizkidate –Euskal Herrikoetan lasterketa egun bat 300 euro izan daitezke, nazionalekoetan 700 euro –, eta motorraren mantenua ere babesleei esker egiten dut. Ondo ibiltzeko asko entrenatu behar da, eta entrenatzen ibiltzea ere garestia da; gaur egun motor hauek elektronika asko izaten dute, eta norberaren gustura jartzea ez da erraza izaten, ezta merkea ere.
Belgikako egonaldia ondo aprobetxatu duzu.
Bai, behar nuen horrelako zerbait, sentitzen nuelako nire kontrarioak geroago eta azkarrago zebiltzala, eta nik ez nuelako pilotajean aurrerapenik egiten. Hango zirkuituak areazkoak dira, eta hor ikasten da ondo pilotatzen, baina lehenengo astean leher eginda nengoen, eta bigarrenean... (Barre). Hor konturatzen zara fisikoki indartsu egotea ze garrantzitsua den.
Amaitzeko, babesleei keinu bat.
Bai, eskerrak eman nahi dizkiot bereziki ER-4 etxeari, aurten asko laguntzen dabiltzalako, eta baita Motos Ion etxeari, eta Nothing Without-i ere.