Rosa Maiztegi Balantzategi: "Jende asko bere kontuak esateko desiratzen egoten da; batzuetan sinestezinak..."

Irati Goitia 2011ko ira. 10a, 02:00

Bizitza ia osoa darama Rosa Maiztegik egunkari artean. 62 urte ditu eta 12 urte zituenean hasi zen, egunkariak saltzen zituen osabari laguntzen. Egun, Arrasaten gelditzen den kiosko bakarra du eta ahizparekin eta koinatuarekin eramaten du aurrera.

Zure osabak egunkariak saltzen zituen, ezta?
Bai, osabak Portaloian saltzen zituen egunkariak. Bestalde, gu Musakolan bizi ginen eta etxean ere izaten genituen egunkariak auzotarrendako. Hala, 12 urte nituenean eskolako atsedenaldian banaketa egiten nuen auzoan. Portaloira ere etortzen nintzen osabari laguntzera. Horrela hasi nintzen egunkari artean lanean. Gero, osaba hil zenean nik hartu nuen haren ordezkoa. Horregatik, oraindik ere, kioskoan jasotzen ditudan faktura askotan Balantzategi Kiosko bezala agertzen da nire saltokia. Izan ere, osaba zen Balantzategi.

Gauzak asko aldatu ziren Portaloian saltzetik kioskora pasatu zinetenean?
Bai, asko. Izan ere, Portaloian geundenean bi egunkari bakarrik zeuden. Gero, gehiago argitaratzen hasi ziren eta kioskora pasatu ginen. Egun, zaila da kontatzea zenbat egunkari dauden. Izan ere, informazio orokorrekoez gain, badaude egunero kaleratzen diren kiroletakoak eta ekonomikoak ere.

Jendearen ohiturak ere aldatuko ziren urte hauetan?
Bai. Lehen, askoz jende gehiagok erosten zuen egunkaria. Nik gogoratzen dut domeketan jendea, mezetan izan ostean, nola etortzen zen egunkaria erostera. Auzo guztietatik etortzen ziren herritarrak kalera mezetara; eta, ondorioz, izaten ziren egunkari gabe gelditzen ginen egunak ere.
Egun, ordea, ez da horrela. Guk ikusten dugu egunkaria etxera eramaten duten nagusiak hiltzen direnean, etxekoak ez direla etortzen egunkariaren bila. Gazteek ez dute ohiturarik erosteko. Lauzpabostek kiroletakoak erosten dituzte, baina ez da lehengoa. Nik etxean ere ikusten dut hori. Gure semeek ordenagailua piztu eta bertan ikusten dituzte egunkarietako azalak, eta tituluak irakurri.

Hala ere, izango da egunkaria bereziki saltzen den egunik ere, ez?
Hauteskundeen ondorengo egunean asko saltzen da, baita hemengo albisteren bat agertzen bada; adibidez, istripu bat egon bada edo hemengo talderen batek zerbait irabazi badu. Batez ere, bertako kontuak irakurtzea gustatzen zaio jendeari.

Inguruko bizilagunak ondo ezagutuko dituzu.
Bezeroa kioskora iristen denerako, nik dagoeneko prest izaten dut etxera eraman behar duen egunkaria. Urte asko daramatzat lanean, eta badakit bakoitzak zer erosten duen.

Harreman estuak ere egingo dira.
Bai, jende askorekin dut konfiantza handia eta etxeko kontuak ere esaten dizkidate. Gainera, batzuk desiratzen egoten dira berba egiteko; batez ere, nagusiak. Nik gustura entzuten ditut euren kontuak.

Jende askoren konfidentea zara, beraz.
Bai, bai. Gogoratzen dut, adibidez, emakume batek nola kontatu zidan banandu egin zela, baina amaieran inori ez kontatzeko esan zidan, nik bakarrik nekiela-eta. Oroitzen dut, baita ere, beste emakume batek beste behin bost euro eskatu zizkidala. Esan zidan gizonak diru guztia kendu ziola; Kutxan gauza batzuk konpondu eta itzuliko zizkidala gaineratu zidan. Nire poltsikotik eman nizkion bost euroak. Hurrengo egunean itzuli zizkidan.

Kalean egonda, gauza asko ere ikusiko dituzu.
Bueno, gauetakoa sinestezina izaten da. Ez naiz Maritxu egunaz eta jaiez ari, astebururo izaten da zerbait: ezkontzaren batetik etorritako gazteak edo parrandan dabiltzanak. Goizeko seietarako etortzen naiz hona, eta... Hala ere, koinatua hiru eta erdietarako etortzen da, eta hark bai ikusten dituela gauzak... 

Lanean gustura zabiltzala dirudi.
Bai, ni gustura etortzen naiz lanera, ez dut inolako arazorik izaten. Goizeko bostetan jaiki eta hemen izaten gara, jendearekin berba egin eta gustura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak