Obra berrirako entseguekin hasi zarete dagoeneko?
Oraindik ez. Egutegia adosten gabiltza, baina laster hasiko gara. 12 kide gara eta ez gara beti denok batzen, bakoitzaren gorabeherak tartean daudelako. Hala ere, talde sendoa gara.
Udalak utzitako lokal baten entseatzen dugu eta ateak zabalik ditugu antzerkia egin gura duen edonorendako. Gure lanak ikusi dituztenak badakite oso koralak direla eta denek dutela tokia.
Beraz, ez dago zertan antzezlea izan behar Dokeko kide izateko.
Inondik inora. Hori bai, obra berrian parte hartzeko ahalik eta arinen eman behar da izena [688 645 085 telefonora deituta], laster hasiko gara-eta entseatzen.
Eta obrari erreparatuz, zer aurrera zenezake?
Atenporala da, eta eguneroko bizitzan planteatzen diren erreferentziak ditu oinarri. Obrarekin aurrekoen kutsu historikotik salto egin nahi dugu, zirkuitu zabaletan sartu ahal izateko. Bizitza interesatzen zaigu: zalantzak, gogoetak eta gertaerak landuko ditugu, pertsonen arteko harremanak, giza taldeenak…
Eta hori guztia, Dokeren ikuspegi baikorrarekin, beti bezala. Ez dizuet gehiago aurreratuko: taularatzen dugunean, etorri ikustera. Hori bai, datorren urtera arte itxaron beharko duzue.
Zein iritzi duzu Doke osatzen duten taldekideen gainean?
Izugarriak dira. Era guztietako jendea dugu taldean eta hori oso ona da lanari kolorea emateko. Gainera ez dugu antzezlea obrari egokitzen, obra antzezleari baizik. Zuzendari moduan oso pozik nago, proposamen berriak frogatzeko beti daude gertu; entsegu bakoitzean zerbait berria aurkitzen dugu eta denok batera bagoaz poliki-poliki taldearen bidea egiten. Doke sortu zenean berriak ziren antzerkian eta egun antzezleak dira.
Amaitzeko, zertarako eman izena Doke antzerki taldean?
Norbaitek antzerkia barrutik ezagutzeko gogoa badu edo bere burua frogatzeko grina, badu Doken lekua. Arrasate osoa antzerkizalea bihurtu nahi dugu. Ametsetan nabilela? Bai, baina zilegi da, ezta? Bitartean baten bat gerturatzen bazaigu ondo etorria izango da. Gogoan izan Amaia antzokiak urtean zehar ateak irekita izaten dituela antzerkiaz gozatzeko. Bada, taula gainean edo eserlekuetan, ikusiko dugu elkar.