Noiz hasi zinen danborradako zuzendari?
1999. urtean hasi nintzen. Urte hartan talde asko sartu ginen batera. Gure aita lehenengo zuzendaria izan zen, 1961ean sartu zen eta lau urte jarraian egon zen. Nik danborrada txikian urte askoan jo izan dut, baita handian ere. Aurten, denbora luzeen daraman zuzendari bihurtu naizela uste dut.
Orduan, aitaren pausoak jarraitu dituzula esan daiteke.
Bai, hala da. Hala ere, ez nuen aita zuzentzen ikusi, nik 4 urte besterik ez nuen hark azkenekoz jo zuenean.
Aurten danborradak 50 urte bete ditu; ilusio berezia sentituko zenuen, ziurrenik.
Bai, nahiz eta ilusioa baino lana izan den gehiago; guztia ondo antolatzeko, dena behar den moduan lotuta izateko... Baina ilusioa eta emozioa ere bai, oso hunkigarria izan zen, beti gogoan izateko modukoa.
Lan handia da danborrada antolatzea?
Lana aurten edo beste urte batzuetan antzekoa da. Aurten lan handiagoa izan da, alegia, banda berria izan delako. Hala ere, nik musika aldekoa soilik antolatzen dut. Lana baino gehiago, urduritasuna dela esango nuke, zerbait gaizki irtengo den beldurra.
Horrenbeste urte danborradan, izango duzu anekdotaren bat edo beste.
Bai, badut. Beti kontatzen dut berdina: duela urte batzuk, danborrada amaitzera zihoala, plazan, erredoble bat jotzen dute guztiek eta nik salto egiten dut. Saltoan lurra ikusten dudanean, guztiak batera isiltzen dira. Urte hartan, lurra bustita zegoen eta lurrera zutik jauzi beharrean, labandu eta etzanda geratu nintzen. Jende guztiak barre egin zuen, baina ni segituan jaiki nintzen.
Nola gogoratzen duzu zure lehenengo urtea?
Oso urduri nengoela gogoratzen dut. Jende guztiaren aurrean zerbait gaizki egingo nuen beldurra ere sentitzen nuen. Zorionez, guztia ondo irten zen.
Musika munduan guztiz murgilduta bizi zara...
Bai, txikitatik. Arrasate Musikaleko Orkestran klarinetea jo nuen urte askoan zehar. Estatu osoan orkestra gazte bakarra ginen, eta, beraz, asko bidaiatzen genuen.
Gero, klarinetea alde batera utzi nuen eta urte batzuetan saxofoia jotzen ibili nintzen Berakatzband deituriko berbena talde baten.
Hori amaitu, eta RIPeko abeslariarekin lau lagun batu ginen, horietako bat nire anaia, eta bi urtez talde berri batean jotzen ibili ginen: Elkorobarrutia taldean. Oso ezagun egin ginen, eta oraindik ere gure abestiren bat entzun izan dut tabernetan.
Baina hori ere amaitu zen, eta Goikobalu korura sartu nintzen, gaur egun arte. 20 urte inguru daramat bertan.
Beraz, klarinetea eta saxofoia jotzen badakizu?
Jakin ez, jo izan dut, dagoeneko ahaztuta ditut. Pianoa ere jotzen nuen aitarekin, eta txistua ikasten ere egon nintzen. Orain, abestu bakarrik, eta oso gustura. Bitan izan gara Argentinan, Italian ere izan gara...
Nola ikusten duzu Arrasate musika aldetik?
Oso ondo, musikarekin lotuta denetarik aurki daiteke Arrasaten. Nondik hasi ere ez dakit; gaiteroak aipatzen hasiko nintzen, ez dut-eta sekula horrelako gaiterorik entzun. Gauza oso zailak jotzeaz gain, oso ondo egiten dute.
Banda ere oso ona da, orkestrak ere oso ondo jotzen du... jende asko dago musikatik bizi dena.
Musikarekiko zaletasun handia izanik, dantzatzea atsegin duzu?
Bai, asko gustatzen zait, betidanik izan naiz dantzaria, baina hori ere ahaztuta dut. Danborrada egunean dantzatu nuen zerbait aspaldiko partez, oso gustura.
Eta musikaz gain, zer gehiago egiten duzu?
Ez dut denbora libre askorik izaten. Erizaina naiz; lehen, Elgetan egiten nuen lan; eta orain, Arrasateko ospitalean nago.