AUKEA: "Aforoa da arazo nagusia bi igerilekuak aldi berean ez zabaltzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko eka. 20a, 12:42

Ofizialki bihar sartuko gara udan. Baina, urtero moduan, AUKEA egutegi ofizialari aurreratu zaio eta zapatua ezkero zabalik daude  kanpoko igerilekuak. Kanpokoak zabaltzeak barrukoak ixtea suposatzen du eta herritar askok galdetzen dute ea zergatik ezin diren biak aldi berean zabalik egon. Aurten, gainera, barruko igerilekuak obretan izan direnez, hainbat erabiltzaile haserre daude.

Eli Roncero udal teknikariak azaldu du biak aldi berean zabaltzeko lanean dabiltzala: "Gure nahia da biak aldi berean zabalik izatea, badakigu eskaerak daudela –eta banan-banan joan gara erantzuten– eta eguraldia ez dela beti ona. Tamalez, aforo arazoak direla eta saneamendukoen baimena eskuratzerik izan ez dugulako, ezin dugu gure nahia bete. Arazo nagusia da, baina, leku eta aldagela nahikorik ez dugula horrenbeste erabiltzaile jasotzeko". Horretan lanean dihardutela azaldu du Roncerok: "Aurten ezingo da izan, baina lanean gabiltza datorren urtean zabaldu ahal izateko".

Kioskoak, arduradunik ez
Barruko igerilekuak irekitzeko erabiltzaileak gogoa bazutela dio Roncerok: "Uda garaian hasi ziren baina hainbat arrazoirengatik luzatu egin dira lanak. Horregatik jendeak gogotsu hartu du irekiera. Haurrekin egin diren ikastaroak, esaterako, oso ondo joan dira". Arazoak arazo, udako kanpaina hasi da. Goizetan sorosle bat egongo da eta arratsaldetan, berriz, bi sorosle, eta baita DYAko laguntzailea ere: "Sorosle izateaz gain, askotan zaintzaile lanak egin behar izaten dituzte, askori arauak errespetatzea kosta egiten zaie-eta", dio Roncerok. Kioskoari dagokionez, ez dute aurkitu oraindik kioskoa zabaltzeko prest egongo den inor. Ez dute baldintza handirik eskatzen: ekainetik irailera arte gutxi gorabehera egunero zabaltzea. AUKEAk deia luzatu die interesatuei. 

Helduendako hainbat ikastaro
Baina udan dena ez da ura, eta uztailerako hainbat ikastaro antolatu dituzte helduendako uretatik kanpo. Roncerok gimnasia abdominal hipopresiboa eta dantza afrikarrak nabarmendu ditu, berriak direlako. Bi ikastaro horiek hainbat onura dituzte, teknikariaren arabera. Ikastaroak San Juan jaien ostean hasiko dira eta argibide gehiagorako 943 77 16 77 telefonora deitu behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak