Nolatan sartu zinen politikan?
Egia esan, nik neuk ere ez dakit. Beti izan dut joera politiko bat.Seguruenik, norbaitek gonbidapena egingo zidan eta nik onartu, baina ez daukat gogoan. Aizu, urte dezente pasa dira! Ezin dut dena gogoratu!
Politika egiteko ez ziren urte errazak. ETA, demokraziak urte gutxi zeramatzan...
Egoera ez zen erraza. Ni Ardantza irten zenean iritsi nintzen.Udalean nengoela, Txomin Iturberen hileta eta Perez de Arenazaren hilketarekin momentu latzak bizi behar izan nituen. Orokorrean, Udaleko giroa polita zen, baina batzuetan ia arrazoi gabe, liskarrak sortzen ziren.
Gogoratzeko modukoren bat?
San Juan bezperan Udalak afari bat eskaintzen zien zinegotzi guztiei eta HBkook gonbitari uko egin genion, gure ustez, udaletxea herriarentzat lan egiteko toki bat zelako. Kontua da, danborrada plazara iristear zegoela, osoko bilkuren aretora joan ginela bertatik ikurrina zintzilikatu eta danborradari ongi etorria egiteko. Afaltzen zeudenak ez ziguten sartzen utzi, eta azkenean baten etxetik eskailera bat hartu, eta balkoira igo ginen. Ikurrina bertan zintzilikatu eta plazara jaitsi ginen. Ostean, gainontzeko zinegotziak balkoira irten ziren. Protesta modura, tanborradak San Juan kanta udaletxeari bizkarra emanez jo zuen.
Hortaz, politika ez da horren polita?
Hala da. Udalean politika gertutasunarekin elkartzen da, eta askotan joera ezberdin bateko alderdiko jendea areriotzat hartzen duzu. Orain ez da hori gertatuko, baina ni zinegotzi izan nintzen urteetan tentsio handia zegoen. Dena den, hiru aldiz arnasa hartu, bi aldiz pentsatu eta joera ezberdina eduki arren, mundu guztia ongi tratatzen saiatu nintzen. Nik argi nuen lan egitera joan nintzela udaletxera, ez eztabaida antzuetan denbora galtzera.
Zuk Kultura eta Hezkuntza arloetan egin zenuen lan. Gogoan duzu zuk bultzatutako proiekturen bat?
Zaila da proiektu zehatz bat aipatzea. Ni ez nintzen Hirigintzan egon, gure proiektuak askoz etereoagoak dira.
27 urteren ostean, zer falta zaio Arrasateri?
Oraindik ere, kultur sorkuntzan zulo handia dago. Udalak iniziatiba hartu beharko luke. Arrasatek kultur ekintzetarako erabili daitezkeen azpiegitura ugari ditu baina ez dira behar bezala ustiatzen.
Politika kontuetan asko antzezten da?
Batzuetan bai. Osoko bilkuretan akaso ez, baina proiektu bat bozkatu aurretik bilera asko dago, eta horietan teatro apur bat ikusten da.
Inoiz partidu diziplina jarraitzegatik zure bozka aldatu duzu?
Ez nuke horrelakorik onartuko! Arrasate hobetzeko sartu nintzen Udalean eta proiektu bakoitza prisma horren ikuspuntutik bozkatzen nuen, ez beste inork esaten zuelako.
Zein gomendio emango zenioke udalbatza berriari?
Lana lasaitasunez eta erantzukizunez egiteko. Gehiengo osoa lortu dutenez, eurei dagokie proiektuak planteatzeko erantzukizuna, eta ez da lan erraza. Udalak ordu asko exijitzen dizkizu.
Gehiengo osoak onak al dira?
Bai, nire ustez bai. Dena den, Arrasaten gertatu dena ikusi ostekoaren erantzun bat da. Ziur PPkoa izango banintz ez nukeela gauza bera esango. (jajaja).