Pintxo-poteoa eta Gorripotea: izenak izen, zerbitzu berbera taberna gehiagotan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko eka. 13a, 13:23

Eguenetan ohitura da hainbat arrasatearrendako ardo ondua edo garagardoa eta pintxoa euro baten truke aldatzea. Hau da, herrian honezkero errotuta dago pintxo poteoa. Bada, orain arte Arrasate Bizirik elkarteak sustatuko ekimena beste taberna batzuetara hedatuko da, Arrasateko zona gorria moduan ezagunak diren tabernetara, hain zuzen. Hortik dator izena: Gorripote.  Hala, eguen honetatik aurrera zerbitzu bera taberna gehiagotan izango dute arrasatearrek.

Ez dute inongo liskarrik sortu nahi Arrasate Bizirik-en pintxo potearekin; eraginkorra den formula hori erabili gura dute. Hori bai, pintxoaren kalitatea hobetu gura dute. Nola? Bada, mokadutxoak Ibai-Gane janari dendatik ekarriz. Eguenean, hilak 16, jarriko da martxan.

Bat egin, baina euren kabuz
Honako taberna hauek hartuko dute parte Gorripotean: Ekaitz, Iluntz, Basati, Irati, Jai-Zale eta Dat. Irati tabenan diharduen Igor Letona da ekimenaren sustatzaileetako bat, eta ukaezina den lehen galderari honela erantzun dio. Hau da, honela azaldu du Arrasate Bizirik-en pintxo poteoan ez sartu izana: "Ekimen positiboa da, ostalaritzak bizi duen egoera zailari aurre egiteko formula egokia. Beraz, dinamika interesgarria dela deritzogu. Baina eurak taberna konkretu batzuetan egitea erabaki zuten, guk ez genuen inongo gonbidapenik jaso, eta orain ekimenarekin bat egitea pentsatu dugu, baina gure kabuz".
Horregatik aldatu diote izena: "Ez luke zentzu handirik izango beste batzuk abiatutako dinamikaren izena erabiltzea; jendea nahastea eragingo luke". 

Eguena, egun aproposena
Ekainaren 16an hasiko dira eta Sanjuanetan etenaldia egingo dute –"Jaietan nahikoa lan izaten dugu", dio Letonak–. Uztailean ekimenarekin jarraituko dute eta abuztuan,  taberna gehienak itxita egongo direnez, geldialdia egingo dute. Eguena aukeratu dute Gorripoterako ere: "Lehen ere eguenetan beste egunetan baino jende gehiago izaten genuen eta Arrasate Bizirik-en pintxo poteoak eragina izan du gure bezeroengan. Ez dugu uste bezeroak lapurtu digutenik, zerbitzu konkretu bat eskaintzeagatik joan direlako. Guk egingo duguna da zerbitzu hori bera eskaini, eta saiatu gara pintxoen kalitatea hobetzen. Hortik aurrera, norberak aukera dezala. Hau da, ez dugu liskarretan sartu nahi, sortu zitzaigun hutsune bat betetzea baizik", azaldu du Letonak.

Arrasate Bizirik: "Ez genien gonbidatu Ibai-Arteren barruan ez zeudelako"

Arrasate Bizirik Ibai-Arteren barruan dago: "Ez genien gonbidatu Ibai-Arten ez zeudelako, eta pintxo poteoan sartu nahi izan duten taberna berriei Ibai-Arten sartzea izan da eskatu zaien bakarra", adierazi dute Arrasate Bizirik-ekoek. Gazte askok egiten dute bat pintxo-poteoarekin eta beraz, Gorripotea ez da albiste ona eurendako "Onena batzar bat egin eta batera joatea litzateke". Hala ere, Ibai-Arten ez dauden batzuk ere egiten dutela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak