Lau urte eman dituzu Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente moduan. Ze balantze egiten duzu?
Gipuzkoaren errealitate politiko eta soziala ezagutzen lagundu dit. Hobeto ezagutzen dut orain lurraldea. Askoz ere toleranteagoa eta adeitsuagoa izaten ikasi dut; egia ez dagoela alde batean edo bestean, baizik eta, gehienetan, erdian; albokoa entzuteko eta enpatiarekin begiratzeko gaitasuna areagotu egin dut… Eta, ezeren gainetik, nabarmendu gura dut talde guztiok bat etorri garela giza eskubideak defendatzerakoan, edo giza eskubideen urraketa salatzerakoan, batik bat terrorismoak sortutakoa. Baita bestelako biolentzien, guztien, salaketa egiterakoan ere.
Une gazirik?
Agintaldi honetako ETAren erailketak. Bereziki, Isaias Carrasco lagunarena. Ezin ahaztu, era berean, Inaxio Uriaren erailketa ezta gainerako biktimak ere. Biolentzia matxista sufritu dutenak… Halere, hori esanda, nabarmendu gura dut bakea lortzeko aurrerapauso handiak eman ditugula agintaldi honetan. Gaur egun, gutxiagok justifikatzen dute biolentzia.
Isaias Carrascoren laguna zinen. Gogorra izan zen hura…
Bai, 16 urterekin sartu nintzen sozialista gazteen erakundean eta 18 urterekin PSE-EEn. Arrasaten sozialista izatea ez da samurra… Espero dut hori ere normalizatzen joatea eta ideologia guztiak errespeta daitezela, ez bakarrik alderdien estatutuetan, baizik eta baita kalean, praktika politikoan… 1993an-eta, Isaias Carrascok asko lagundu zidan.
Carrascoren azkeneko uneak hurbil-hurbiletik ezagutu zenituen…
Bai, hauteskunde kanpaina zen eta arrosak banatzen ibiliak ginen merkatu txikian. Halako batean, alderdikide batek abisatu zigun: "bi tiro eman dizkiote Isaiasi". Bertara hurbildu eta han ziren senideak. Nire bizitzako unerik gogorrena izan da.
Itzultzen zara Mondragoera?
Bai, bi anaia ditut: bata, Aramaion bizi da; bestea, Eskoriatzan. Baina bietako batek etxea du Arrasaten eta sarri joaten gara. Alain eta Irene lobak bisitatzera, nire herriaz gozatzera…
Duela lau urte sozialistok izan zineten nagusi Gipuzkoan. Oraingoan, Bildu. Ustekabea izan da?
Nire herriaren errealitate soziologiko eta politikoa nahiko ondo ezagutzen dudala uste dut. Bilduk horrenbeste igo duela? Bai, baina besteok galdu egin dugu. Denborarekin, dena bere onera etorriko da eta egoera normalago batera itzuliko gara.
Sozialisten porrota?
Politika, jeneralean, herritarrengandik urruntzen doala iruditzen zait. Desenkantu bat dago. Horregatik, jende asko etxean geratu da, bozkatzera joan barik. Bestetik, 15-M mugimenduak edo haserretuenak ere izan du eraginik, hemen txikiagoa izan bada ere. Eta krisiaren eta beroni aurre egiteko Espainiako gobernuak hartutako neurrien faktura ordaindu dugu. Azken-azkenik, nire iritzi pertsonala da: euskal jendarteak zigortu egin gaitu interpretatu duelako bakearen alde ahal dugun guztia egin beharrean, trabak jarri ditugula. Aurreko hauteskundeetan bakearen alde eginagatik saritu gintuzten moduan, oraingoan, kontrakoa geratu zaigu.
Eusko Jaurlaritzan gobernatzen egoteak eta PPrekin ituna egin izanak zerikusirik izan du sozialisten boto galeran?
Kontu bat da alderdia bera, eta beste bat jendarteak ikusarazi izana PPrekin daukagun ituna Jaurlaritzan, bakearen aldeko traba moduan. Edozelan ere, uste dut ona dela euskal sozialistok eta popularrek Eusko Jaurlaritzan sinatutako ituna: askatasunaren aldeko ituna. Sozialistok Euskadirendako geneukan proiektua gidatzeko beste babesik ez genuen izan popularrena baizik. Aukera bakarra izan zen. Askatasunaren aldeko ituna ona izan da egoera normalizatzen laguntzeko. Nahiz eta, berez, politikoki, oso itun logikoa edo naturala ez izan.
Bilduk gobernatuko du Gipuzkoan eta Donostian?
Bozketek hori erakutsi dute eta bozketen osteko harremanek ere bai. Politika egiteko ikuspegi bi dauzkagu: Bildurena eta besteena. Bilduk irabazi du hainbat proiektu estrategikori ezetz esan ostean. Baina irabazi egin du. Herritarrek eman diote babes handiagoa besteoi baino. Bestalde, EAJk, bigarren indarra izanik, erabaki du Bilduren alde egitea eta besteokin akordio globalik ez egitea. Ondorioz, Bilduren herri ereduaren eta eredu ekonomiko eta sozialaren alde egin du.
Harena da erantzukizuna?
Bai. Ezin daiteke arrautzak bi otarretan aldi berean jarri, botereari eusteko. Akordio globalak behar dira, hasi udaletatik eta goraino, foru aldundietaraino. EAJk ez ditu irabazi hauteskundeak; hortaz, ez dauka besteok baino legitimitate handiagorik bere hautagaiak aurkezteko.
Zer iruditzen zaizu Odon Elorzaren amaiera eta amaitzeko modua?
Gaur egungo politikari falta zaizkio lehengo hausnarketa, moderazioa, lasaitasuna… Guk ere autokritika egin beharko genuke, hobe egin genezake, Elortzaren amaiera eta irteera beste modu batera egiteko. Hura izan baita Donostiako alkaterik onena… Hori esanda, ezin dezakegu ahaztu EAJk eta PPk Elortzaren burua eskatu zutela, ezertan hasteko. Ez dut uste hori denik modurik onena aitortzeko Donostiako alkaterik onena izan denaren lana. Eta, bestalde, aldez aurretik ez dugu jakin izan zein den gure aurkari politikoa; gure inkestek, gure soziologoek, ez dute hori aurreikusi.
Alderdiek eskatu diote ETAri desagertzeko, baina gainerako agenteek, alderdi politikoek mugitu beharrik ez dute?
Ordua da bakoitzari erantzukizunak eskatzeko. Euskal jendarteak ere eskatuko digu. Baina denoi ez dagokigu modu berean; ez daukagu erantzukizun bera. Ezker abertzaleak eskatu behar dio ETAri desagertzeko. Ezker abertzaleak, biolentzia errefusatzeaz gain, bere oinarri ideologikoan sozializatu behar du mezua. Errespetu handiagoz bizi gaitezen denok. Ezker abertzaleak biolentzia errefusatu, alboratu eta soilik bide politikoen alde egin izana lortu dugu denon artean. Jendarteak lortu du, biolentzia deslegitimatzeko politikek lortu dute… Adiskidetzen eta batak besteri entzuten jakin behar dugu. Ezin dira biolentzia mota guztiak parekatu, baina denok sufritu dugu biolentzia. Beharrezkoak dira memoria plurala eta egiazkoa eraikitzea, mahaiaren inguruan eseri eta ezberdinen artean berba egitea…
Ezker abertzalearekin akordiotara hel zaitezkete aurrerantzean?
Etorkizunean bai. Aurretik esandako guztiak egin ostean, berba egingo dugu politikaz, akordio globalez, itunez… Bitartean, akordio puntualetara heltzea normal moduan ikusi beharko genuke. Ezkerreko bi alderdi gara.
Egiguren edo Ares. Estrategia politikoari dagokionez, zeinengandik zaude gertuago?
Euskal sozialista naiz. Vasquista deitzen den horietakoa. Gipuzkoako sozialisten espiritukoa. Hauteskundeetako azkeneko porrotaren ostean, agian, alderdiaren sentsibilitate ezberdinei entzun eta aldatu beharko genituzke…
Ulertu behar dugu euskal sozialisten presidentearen tesietatik gertuago zaudela.
Sozialismo gipuzkoarretik bereziki.