3. Munduko herrialde desberdinetako errealitatea ezagutzeko nahian, ikasteko gogoa zuten zenbait ikasle bildu eta 2008.urtean, HAIMA taldea sortu zen Mondragon Unibertsitatearen baitan.
Hainbat kontaktu egin ostean, MUko gazte talde bat jada Saharan egona zenez, HAIMA talde berriaren formakuntza Saharara bideratzeko aukera ikusi zuten 2010.urtean.
Lehenengo momentutik kontaktu zuzena mantendu badute ere, aurten izan da bertan izan diren lehen aldia.
Bidaia aurrera atera ahal izateko eta dirua lortu ahal izateko, hainbat jarduera egin dituzte: egutegiak sortu, metxeroak saldu, rifak egin, bertso afari bat antolatu… Talde honetako bi kidek ere, Olaiak eta Agurnek, zenbait saharauiarrekin batera, formakuntza eta sentsibilizazio saio batzuk eskaini zituzten bertako historia, kultura eta han bizitako esperientzia ezberdinak kontatzeko.
Ez zuten proiektu finkorik, beraien helburua, ordea, argia zen: Saharauiarren eguneroko bizitza ezagutzea eta haien historia eta bizitzako egoerak haien ahotik entzutea.
Orain, etxean daudela, bizitako esperientzia barneratzen ari dira. Oso esperientzia hunkigarria izan dela adierazi dute eta beraz, publiko egitea erabaki dute. Sentsibilizazio aurkezpen bat egingo da, argazki erakusketa bat eta dokumental txiki bat ere argitaratuko da. Publiko bihurtzearen arrazoia, jendea kontzientziatzea eta Sahara herriaren bizimodu kaxkar eta lotsagarri hori buruz berri izatea da.