Talde bizkaitarrak estudioan grabatutako azken lana aurkeztuko du Amaian: Ortzemugak begietan. Zuzenean eskainiko dituzte azken diskoko lanak, tartean Itsasoa gara abesti goraipatua.
Musika Sarietan finalean
Itsasoa gara abestiarekin hainbat sariketatan izan dira bizkaitarrak. Azkena, adibidez, Musika Sarien 15. edizioan. Euskarazko kantu onenaren sailean finalerako sailkatu ziren Ken Zazpi taldeko kideak. Baina sariak asteon eman dituzte, eguaztenean, eta bizkaitarrak esku hutsik geratu dira. Izan ere, euskarazko abesti onenaren saria Bide Ertzean taldeak eroan du Don Inorrez abestiarekin. Hirugarren finalista Olatz Zugasti izan zen Gau hotzenean ere abestiarekin.
Soinu berriak eta tradizionalak
Ortzemugak begietan diskoa 2010eko urrian argitaratu zuten Elkar-Argiak argitaletxearekin. Taldearen asmoa disko berriari soinu berriak jartzea izan da. Hala, disko berriko abestiek soinu anglosaxoia hartu dute. Hala ere, Ken Zazpi taldearen betiko doinu tradizionalek badute tokia diskoan. Euskal Herrian eta AEBetan grabatu zuten. Lehenengo Iñaki Uoho eta Haritz Harreguyren Hi Gain estudioetan; eta, ondoren, Los Angelesera joan ziren Rafa Sardinaren After Hours estudiora.
Abestien hitzak idazteko orduan Joseba Sarrionandiaren laguntza izan dute bizkaitarrak. Sarrionandiaz gain, abestien letrak idazten lagundu dute Maialen Lujanbio, Jon Maia, Julen Gabiria eta Uxue Alberdi bertsolariek. Gainera, Alberdik ahotsa jarri dio diskoko abesti bati.
Sei disko argitaratu dituzte
Jon Mikel Arronategik eta Eñaut Elorrietak 1996an Gernikan sortutako taldea da Ken Zazpi. Baina gaur egungo taldea 2000. urtean eratu zuten. Sei disko argitaratu dituzte ordutik hona: Atzo da bihar (2001), Bidean (2003), Gelditu denbora (2005), Argiak (2007), Zazpi urte zuzenean (2009) eta Ortzemugak begietan (2010).