Gehienetan diseinuak egiten dituzten enpresen produktuak ordenagailuetan diseinatzen dituzte, baina modu horretara fabrikatzaileek ez daukate aukera piezaren detaileak zehatz-mehatz ikusteko. Aldiz, prototipatu azkarren teknologiarekin, gauzak erraztu egiten dira.
Mondragon Unibertsitateak atzo Garaia Berrikuntza Gunean antolatu zituen jardunaldietan prototipatu azkarraren teknologia izan zuten hizpide eta, besteak beste, bertan esan zuten prototipatu azkarren teknologia erabilita aukera daukatela piezak 3 dimentsiotan inprimatzeko. Horrek abantaila ugari ekartzen dizkiela esan zigun Pixel Sistemas enpresako Amadeo Corriusek, izan ere, horrela hobeto ikusten dute piezaren tamaina edota ergonomia eta arazoren bat baldin badago, pieza hori fabrikatu aurretik konpontzeko aukera dago. Horrez gain, prototipoen bidez, bezeroek ere aukera izango dute pieza fabrikatu aurretik nola geldituko den ikusteko.
Prozesua murrizten du
Egun guztiko jardunaldiak izan ziren atzokoak eta bertan erakutsi zuten arlo askotan erabil daitekeela prototipatu azkarren teknologia. Esaterako, osasun mundura gerturatuta, inplanteetan bi arlo hartzen ditu teknologia horrek: ebakuntza planifikatzeko arloa eta protesia egiteko arloa.
Haginak inplantatzeko edota zapatiletan plantillak egiteko prozesua ere asko murrizten du atzo aztertutako teknologiak, izan ere, protesia jarri behar den zatia eskaneatu eta horren bitartez zuzenean egin daiteke protesi hori, moldea egitea saihestuz eta horrek lekarkeen prozesu luzea laburtuz.
80 lagun
Prototipatu azkarrari eta horren aplikazioei buruzko jardunaldian izan ziren Ulma, Fagor eta Copreciko langileak, besteak beste; bailarako eta inguruko sektoreko beste pertsona batzuk ere bertaratu ziren eta baita atzerritik etorritakoak ere. Guztira 80 pertsona inguru batu ziren jardunaldietan.