Joseba Ugalde: "Blancoren eta Carrascoren hilketen ondorengo mozioak izan dira une zailenak eta tentsoenak "

Mireia Bikuña 2011ko mai. 11a, 02:00

Joseba Ugaldek (Aretxabaleta, 1951) 16 urte daramatza zinegotzi. Orain jardunean dihardu Udalean, ekainaren 18an udalbatza berria osatu arte. Orain arte egindako lanarekin gustura dagoela esan digu, eta bere buruarekin "oso lasai".

Lau agintaldi. 16 urte egin dituzu zinegotzi moduan. Bokazioa da?
Bokazioa, bokazioa... Ez nuke hori esango. Oso gazte hasi nintzen politikan. Amaren eta aitaren familiak nazionalistak ziren. Urte askoan Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) kide izan nintzen. Euskadiko Ezkerra sortu zenean, alderdia utzi nuen. Urtebetera Izquierda Unidako kideek eskatu zidaten taldea sortzeko Arrasaten eta IU-Ezker Batua sortu genuen. Ondoren, EB-Berdeak, eta udal hauteskundeetan Bilduren zerrendan noa 19. lekuan Alternatibako kide moduan.

Politikan bigarren lerrora pasako zara, orduan?
Bai. Politika gustuko dut eta segituko dut, baina bigarren edo hirugarren lerroan. 16 urtean ideia eta proiektu asko izan ditugu, baina txanda emateko ordua ere bada. Gazteek hartu beharko dute lekukoa: ideia aurrerakoiak, freskoak eta modernoagoak dituzte.

Eta badaude lekukoa hartzeko gazteak?
Oso gutxi. Argi geratu da alderdi politiko askok arazoak izan dituztela maiatzaren 22ko udal hauteskundeetarako zerrendak osatzeko.
Herritarrei ez zaie politika interesatzen. Gurekiko duten ikuspuntua eta iritzia aldatu egin beharko dugu. Alderdiok lan handi eta zaila dugu. Gazteengana eta herritarrengana heltzen ez bagara, abstentzioak gora egingo du etengabe.

16 urteko errepasoa egitea ez da erraza, baina zeintzuk izan dira bizi izandako unerik gogorrenak?
Bi aipatu nituzke, beste guztien gainetik: Miguel Angel Blanco eta Isaias Carrascoren hilketen ondorengo zentsura-mozioak. Bietan Udal Gobernuko kide ginen. Tentsioa ikaragarria izan zen, batez ere Carrascoren hilketaren ondoren. Hedabide guztiek Arrasate jomugan ipini zuten. Etxean gutunak jaso genituen, mehatxuak ere bai... Gainera, Isaias eta biok zinegotziak izan ginen aldi berean.

Politika pikutara bidaltzeko gogoa izan zenuen orduan?
Une latz haiek gainditu egin genituen. Politika utziko nuela erabaki nuen, orain dela bi urte eta erdi, emaztea hil zenean. Konturatu nintzen ordu asko eskaini nizkiola zinegotzi lanari, eta emaztearekin disfrutatzeko aukera nuenean... Orduan pentsatu nuen politika uztea.

Lau agintalditan egindako proiektuetatik, zein aukeratuko zenuke?
Duda barik, urbanoaren proiektua. Asko borrokatu ginen, eta begira orain... Herri barruko zerbitzua ematen duen autobusa edukitzea luxua da. Dena den, zerbitzua hobetu egin daitekeela uste dut.
Bestalde, aipatuko nituzke Arrasateko goiko auzoetara joateko jarritako igogailuak. Irisgarritasun bertikalaren aldeko apustua egin genuen.
Gainera, olioa birziklatzeko proiektuaren garrantzia azpimarratu gurako nuke. MUrekin batera abian jarritako makina berdeak bilakaera itzela izan du, bai gurean eta baita inguruko herrietan. Asmatu egin genuen, eta harro nago horregatik.

Asko aldatu da Arrasate 16 urteotan?
Bai, asko aldatu da, eta hoberako, gainera. Herri atseginagoa da orain, baina oraindik badu zer hobetu. Adibidez, gune berde gehiago beharko genituzke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak