Ertzaintza atzean zuten arren, manifestariek Biteri Plazan –Garibai kaletik oso gertu– Bizi osorako kartzela zigorrik ez! zioten paperak atera dituzte eta asko eta asko lurrean eseri dira. Jon Agirre Garibai kaleko balkoi batera atera denean txalo zaparrada itzelarekin erantzun dute eta preso ohiaren aldeko oihuak entzun dira. Orduantxe hasi dira tentsio momentuak, eta berehala istiluak.
Ertzaintza manifestariak lekutik botatzen saiatu da eta azkenean gomazko pilotak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko. Tentsio momentu handiak bizi izan dira eta istiluek luze jo dute, 45 minutu inguru. Tartean, Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu. Atxilotuak Bergarako polizia-etxera eraman dituzte eta atxilotuen gertukoek GOIENAri azaldu diotenez bertan datuak hartu eta laster aske utziko dituzte.
Ertzaintzak manifestariak sakabanatu arren, 19:00ak inguruan guztiak Herriko Plazan batu dira berriro ere eta Eusko Gudariak abestia kantatuz amaitu dute ekitaldia.