Soslaia |
Elorrioarra da Inaxio Azkarragar-Urizar (1962), baina ondo ezagutzen du Arrasate. 26 urte daramatza bertan bizitzen. Hiru seme-alaben aita da. Zuzenbidean lizentziaduna, UNEDetik. Azken sei urteak LAB sindikatuan eman ditu, administrazioko eskualdeko arduradun moduan. Lehenago Bergaran udaltzain. |
Egoera politikoa kontuan hartuta, zaila egin zaizu egin dizuten proposamenari baiezkoa ematea?
Arrasate bezalako herri baten alkate izateak erantzukizun handia suposatzen du, eta maila pertsonaletik begiratuta honi baiezkoa ematea ez da gauza erraza. Baina Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoak arduraz jokatzea eskatzen du, eta zentzu honetan, uste dut guztion inplikazioa modu batera edo bestera beharrezkoa dela. Bestalde, herriaren alde lan egitea gauza polita da, motibagarria eta ilusioa pizten didana.
Zeu zoaz zerrendaburu, baina ez zen izango erraza, ezta ere zerrenda osatzea…
Aurretik aipatu dudan bezala, bizi dugun egoerak politikan normaltasunez jardutea baldintzatzen duela argi ikusi dugu azken urteotan, eta maiatzeko udal hauteskunde hauek ere ez dira aparte geratzen. Bildurekin zer gertatzen den ere ikusi egin beharko da, azken aldian mehatxuak etengabekoak izan baitira.
Gaur egungo gizarteak indibidualismorako duen joerak ere konpromisoan, parte hartzean eta herrigintzan eragina daukala ere ezin da ukatu, baina zerrendaren osaketan lan polita egin da, eta talde langile eta potentea osatu dugula uste dut.
Aurreratu ahal duzu koalizioko kideen ezaugarriren bat?
Talde anitza, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituena, eta herrigintzan eta gizarteko arlo ezberdinetan eskarmentu handikoa.
Zein esperantza duzue aurrera egiteko?
Oztopoak oztopo, eta legez mozorrotzen diren erabaki politikoak tartean izan daitezkeen arren, Arrasatek merezi duelako lan egiteko aurkeztu gara, eta inolako zalantzarik gabe aurrera egingo dugu.
Herriko premia nagusiak zeintzuk dira?
- Bizi dugun testuinguru ekonomiko eta sozialak sortzen dituen desorekak azken urteetan nabarmendu egin dira, eta Arrasate ez da salbuespena; langabezia kopurua ikustea besterik ez dago.
- Enpleguaren sustapenak eta ongizateak berebiziko garrantzia dute, eta udalak bere esku dituen baliabideen bitartez herritarrei erantzuten jarraitzea izan behar du helburu.
- Egoera ekonomikoarekin lotuta, baliabide aldetik datozen urteetan inbertsioak egiteko gaitasuna mugatua izango dela argi daukagu, baina esate baterako, Musika Etxea bezalako proiektuari irtenbidea emateko saiakera guztiak egingo ditugu.
- Herriko beste gai garrantzitsu eta korapilatsua mugikortasuna edo trafikoa da, gurea oso herri industriala da, unibertsitatea ere bertan daukagu, eta zentzu horretan auto desplazamendu kopurua oso altua da.
- Garraio publikoaren sustapenaz gain, oinezkoen bide sarearen loturak edota bidegorriak garrantzia izango dute datozen urteotan.
Programaren ardatz nagusiak aipatuko dizkiguzu, alorrez alor eta labur-labur?
- Kudeaketa eredua: parte-hartzailea, gardentasuna eta herritarrekiko gertutasuna dira oinarriak.
- Gizarte eredua: desorekatik oreka bilatu nahirik, behar gehien dutenei babesa eskainiz.
- Honelako Arrasate nahi dugu: aktiboa, ekintzailea, kolore askotarikoa...
Ongizatean?
Gizarteratze programak indartu (Emaus, Auzolan....) eta baztertze arriskuan daudenei, baliabideak eskaini.
Ingurumenean?
Gure gizarte ereduaren bi ondorio: zaborra eta trafikoa. Bi arazo horiei konponbidea bilatzen saiatuko gara.
Enpleguan eta garapen ekonomikoan?
Udalak azpikontrataturiko zerbitzuetan, baldintza duinak lehenesteko programak landu. Lehen sektorea sustatzeko egitasmoak aztertu (baserritarren azoka...).
Gazterian?
Gazteek, erabakitzeko eta antolatzeko guneak bultzatu. Gazteen problematikez, bereziki drogamenpekotasunaren gaia gizarteratu eta kontsumo arduratsuaren alde egin.
Hirigintzan?
Eraikita dagoenari ahalik eta etekinik handiena atera, eta mugikortasun arazoari irtenbidea bilatzen saiatu.
Berdintasunean?
Jabetze eskola, Emakume Kontseilua eta Emakumeen Indarkeriaren aurkako plataforma indartu.
Hezkuntzan?
Herri curriculuma garatzeko egitasmoak bideratu. Bertako hezkuntza zentroekin eta hezkuntza ez arautuko taldeekin lan bateratua garatu.
Kulturan?
Euskal Herriaren eta Arrasateren historia eta ondarea berreskuratu. Musika etxearen proiektua eguneratu eta bere bideragarritasuna aztertu.
Euskaran?
Udaleko erabilera plana inplementatzen jarraitu, ahozko erabileran indarrak jarrita. Herritar, elkarte, erakunde, merkataritza, zein ekimen ezberdinetan euskalduntzean eragin.
Migrazioari dagokionean?
Etorkinek, bertakoek bezala, eskubide sozial, zibil eta politikoen jabe izan daitezen, udalaren esku dauden bitartekoak erabili. Etorkinen egoeraz gain beraien izaerari buruzko gogoeta egiteko bideak zabaldu.
Ogasunean?
Udalen finantziazio justua, duina eta nahikoa exijitu. Zerga politika aurrerakoiago, justuago eta birbanatzaileagoen aldeko apustua egin.
Kirolean?
Arrasatearrei jarduera fisikoa egin dezaten aukerak ugaritu. Kirol instalakuntza itxi nahiz irekien azterketa burutu, auzoetakoak barne.
Zer da herritik gehien gustatzen zaizuna?
Orokorrean, jendea.
Eta gutxien?
Igandetan eta jai egunetan herria hutsik gelditzea.
Zergatik animatu zara politikara?
Hasieran niretzat pentsaezina zen baina inguruko jende askoren animoak jaso ditut eta azkenean pentsatu dut zergatik ez?. Gainera, lehen aipatu dudan bezala egoera politikoak arduraz jokatzea eskatzen du, eta uste dut guztion inplikazioa modu batera edo bestera beharrezkoa dela.
Lehenago sindikalista moduan izandako esperientziak lagundu dizu erabakia hartzen?
Bai, gure sindikatua sindikatu sozio-politikoa da (subiranista eta ezkerrekoa) eta herri honetan zabaldu den aukera historikoan guztiz murgilduta dagoena. Apustu honetan denon inplikazioa eskatzen du.
Zelako herria nahiko zenuke, amesten duzu?
Arlo guztietan herri dinamikoa eta parte-hartzailea: jaietan, politikan, kulturan...
Alkatea irteten bazara, egingo duzun lehenengo gauza.
Hitz egiten hasi alde guztiekin herri mailan eta Udaletxe barruan.
Gertutik |
Herriko txokorik gustukoena: Alde zaharra eta bereziki herriko plaza. Herritar bat: Josepa Arregi, oso emakume indartsua eta bizitasun handikoa asken momenturaino. Pertsonaia historiko bat: Lula da Silva Brasilgo aurreko gobernu-presidente izandakoa. Balio handiko pertsona, pobrezia gainditzeko asko egin duena. Telebistako saio bat: Pasapalabra eta albistegiak. Irakurri duzun azken liburua? ¡Indignaos! Stéphane Hesselena eta, orain, Lurra zorua bailitzan, Iñaki Petxarromanena irakurtzen ari naiz. Egunkaririk erosten duzu? Gehienetan Gara eta batzuetan Berria. Sare sozialietan aritzen zara? Ez. Interneten, zertan ibiltzen zara? Bai, berriak irakurtzeko eta hainbat kontsulta egiteko. Ze webgune bisitatzen dituzu? Sindikatuarena, Gipuzkoa.net, Euskadi.net... Ikusi duzun azken filma? Telebistan La torre de Suso. Abesti bat? Xalbadorren heriotza Xabier Leterena. Mania bat? Tokietara ordurako ailegatzea gustatzen zait. |