Eneko Arana: "Askotan ez dakit zela amaituko den eguna eta noiz bueltatuko naizen etxera"

Zazpi hilabete daramatza Ingalaterran lanean Eneko Arana (25 urte) arrasatearrak. Ingeniaritza mekanikoko ikasketak bukatzeko beharrezkoa den karrera amaierako proiektua irailean aurkeztu, eta egun gutxira Reading hirian hasi zen lanean, Fagor Ederlanek eskainitako aukera baliatuz. Printzipioz, datozen hiru urteetan izango da bertan.

 Zer egiten du zu moduko arrasatear batek Ingalaterran?

Ingalaterrara etortzeko aukera aurreko urteko irailean sortu zitzaidan. Urtebete ibili nintzen Fagor Ederlanen karrera amaierako proiektua egiten, eta hori bukatzean nire asmoa atzerrira joatea zen, ingelesa ikastera. Enpresakoek nire asmoaren berri izatean, Ingalaterrara lanera etortzeko aukera eskaini eta baiezkoa eman nuen.

Ingalaterrako zein zonaldetan bizi zara?

Reading izeneko hirian bizi naiz, Berkshire-eko konderrian, Londresetik ordu erdi eskasera. 140.000 biztanleko hiria da eta tamaina berdineko beste hiri askok ez bezala, bizitza gehiago du honek, bertan hiru unibertsitate eta ikasle asko baitaude. 

Ni hiriaren kanpoaldean bizi naiz nire neska-lagunarekin batera, enpresak ordaindutako etxe batean. Hiriaren kanpoaldean bizi naiz, autoa hartu eta Readingetik kanpora askotan joan behar izaten dudalako, eta erdialdean biziz gero denbora asko galduko nukeelako hemengo trafiko arazoak direla-eta.

Ze enpresatan ari zara lanean? Zein da zure betebeharra bertan?

Fagor Ederlanentzat ari naiz lanean. Ederlanek automozioko osagaiak fabrikatzen ditu eta horietako asko Ingalaterran kokaturik dauden auto-fabrikatzaileei saltzen dizkiete. Nik bezeroaren arreta zerbitzuan dihardut lanean eta arazo bat sortzen denean Ederlan eta bezeroaren arteko bitartekari lana egiten dut. Ingalaterra osoan dauden lantegiei asistentzia emateaz arduratzen naiz eta, beraz, ordu asko pasatzen ditut autoan. Hori dela-eta, bulegoa etxean bertan daukat.

Zelakoa da lan egun bat zuretzako?

Jeneralean, goizean goiz jaiki eta lantegiren batera bisitan joaten naiz, arazoren bat konpondu edo bezeroaren kezka eta beharrak ezagutzeko. Askotan ez dakit zela amaituko den eguna eta noiz bueltatuko naizen etxera. Izan ere, batzuetan arazo handiak azkar konpontzen dira eta besteetan txikia dirudienarekin denbora asko egon zaitezke.

Zer egiten duzu asteburuetan?

Bidaiatzea asko gustatzen zait eta aste bukaerak, jeneralean, inguruak ezagutzen ematen ditut.  Londres bera ere oso gertu dago eta beti dago zer edo zer bertan ikusi edo egiteko.

Zelakoa da Ingalaterrako jendea?

Eguneko orduaren arabera oso desberdina da. Orokorrean, egunez edukazio onekoak dira, eta formalismoak guk baino askoz ere gehiago errespetatzen dituzte. Gaua heldu orduko, berriz, gauzak aldatu egiten dira eta borroka eta liskar asko ikusten dira taberna kanpoaldeetan.

Zein da bizitzen ari zaren esperientzia honen alde positiboa?

Dudarik barik, positiboena herrialde desberdinetako jendea eta beraien kulturak ezagutzeko aukera dela esango nuke. Dagoeneko hainbat herrialdetako jendez osatutako koadrilatxo bat osatu dugu bertan, eta oso aberasgarria da politika, erlijio edota beste arlo askotako ikuspuntu ezberdinei buruz entzutea. Horretaz gain, Ingalaterran ingeniari bezala lanean aritzean asko ikasten ari naiz, enpresa asko barrutik ikusten ari naizelako.

Eta negatiboa?

Atzerrian bizitzeak dituen alde txarrak, hau da, familia eta lagunengandik urrun egotea gehien bat.

Arrasaten gertatzen denaren berri izaten duzu?

Bai. Egia esan, orokorrean gertatzen diren gauzen berri izaten dut, gaur egungo komunikabideekin oso erreza baita informatuta egotea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak