Zer da Farapi?
Antropologia aplikatuko enpresa bat. Gure helburua da antropologiaren ikuspegia eta teknikak erabiltzea, eguneroko bizitzan hainbat ikerketa egiteko eta ikerketatik ateratako hainbat ondorio ateratzeko eta zenbait proposamen aplikatu egiteko.
Gero eta jendarte zaharragoa daukagu. Premia eta erronka berriak sortzen zaizkio jendarteari.
Datu demografikoak oso agerikoak dira. Gero eta jendarte zaharragoa daukagu eta aldaketa sozial handiak izan dira zaintzari dagokionez. Orain arte zaintza etxetik egin da, familiak arduratu dira. Eta oraindik ere etxean asko zaintzen ditugu gure zaharrak. Eta emakumeen ardurakoa izan da etxeko senide adinekoak, guraso eta bestelakoak, zaintzea. Baina, aldi berean, emakumea gero eta gehiago dago lan merkatuan eta erronka berriak sortzen ditu zaintzaren arazoak.
Zahartzaroak berez dakartza urritasun fisiko eta buruko gaixotasun edo dementziak ere.
Bai, antropologook ikusten dugu zahartzeak bi dimentsio dauzkala: batetik, ezaugarri fisiko eta biologikoen galtze hori, mugikortasuna edo bestelako gaitasun intelektualen galtzea dakar horrek. Baina, bestetik, zahartzeak berez dakartzan balio aldaketak ere aintzat hartu beharrekoak dira. Gaur egun zahartzaroak kutsu negatiboa dauka, zaharrak etxean edukitzea karga moduan hartzen da eta horrek baldintza dezake zelan zainduko dugun zahar hori, zenbat denbora eskainiko diogun...
Egoera berri baten aurrean gaude eta aldaketak ere berria izan behar du, ezta?
Esparru emankorra bakarrik hartzen dugu kontuan askotan: fabrikako lana, gizakiok, produktibo garen neurrian ematen zaigun balioa. Baina esparru horri eusteko, azpiko esparrua dago, esparru ekarkorra deitzen dioguna eta kritika feministatik eratorri dena. Jendartea sostengatzeko, hau da, produkzioari eusteko, beste esparru emankor edo ugalgarria ere aintzat hartu behar da. Ikusezinak diren lan guztiak: umeen zaintza, etxeko lanak, janaria, zaharren zaintza… Eskema ohiko horri, hortaz, gehitu behar diogu ardura pribatu eta indibidualizatuak izan direnak. Bistara ekarri behar ditugu eta ardura sozial moduan aldarrikatu. Denon arazoa eta lana dela, alegia.
Zaintza hori, hortaz, jendarte osoaren ardura da.
Bai, orain, nagusia zaintzea familiaren, hau da, esparru pribatuaren esku dagoen kontua da. %80 familia barruan zaintzen da. Nahiz eta gero eta baliabide publiko gehiago eskaini gizarte zerbitzuetara. Adinekoek mundu produktiboan egon direnean jendarte osoari onura ekarri badiote, mundu produktibo horretatik beste egoera batera pasatzen direnean logikoa da guztion ardura, jendarte osoarena, izatea haiek zaintzea edo haiez arduratzea. Esaterako, umeak zaintzea gurasoen ardura da, baina gero eta baliabide gehiago eskaintzen zaie administraziotik. Jendarte osoaren onurarako delako. Bada, zahartzaroarekin eta dependentziarekin ere horixe gertatuko beharko luke. Dependentzia gizaki guztioi dagokigu, sortzetikoa da, jaiotzen garenetik dakigu edozein unetan laguntza beharko dugula bizi izateko. Ardura hori geroz eta modu zuzen edo bidezkoagoan banatu, guztiondako onuragarriago.
Teknologia berriei ze probetxu atera ahal zaie alor honetan?
Ahalik eta etekin handiena ateratzeko, aplikazio prozesua ondo diseinatu behar da. Eta prozesu hori zaintzailerik edo gaixorik gabe egitea ez da komeni, bi horiek baitira prozesuaren muina edo agente nagusiak. Pertsonari eman behar zaio protagonismoa, gaixoari batik bat, baina baita haren testuinguruari: zaintzaileari, familiari.
Orain arte, batik bat, emakumezkoen kontua izan da gaixoak edo zaharrak, zaintzea…
Eta alde handiarekin, gainera. Familian horixe izan da emakumeari eman zaion rola. Zaintza, orokorrean, emakumeen ardura izan da eta da, oraindik ere. Sortzez emakumeak halako lanetarako gaituagoak izango bagina bezala… Horri kritika handiak egin zaizkio, batez ere mugimendu feministatik, baina, halere, diodan moduan, oraindik ere emakumeok daroagu zaintzaren zama nagusia. Emakumeok lotu izan gaituzte esparru pribatuarekin, familiarekin, goxoagoak, emozionalagoak… garelakoan, zaintzarako egokiagoak garelakoan… Baina agerikoa da baieztapen hori gezurrean oinarritzen dela; eta, gainera, gero eta gizonezko gehiago daude zaintzari lotuak. Umeen zaintzan, esaterako, geroz eta gizonezko gehiago dago, nahiz eta ematen duen errazagoa dela gizonezkoendako umeen zaintza adinekoena baino. Baina, inolako zalantzarik gabe, gizonezkoak emakumezkoak bezain gaituak daude zaintzarako, ume zein adinekoak zaintzeko.
Lan merkatuan gero eta emakume gehiago dagoen neurrian, zaintza emakume eta gizonezkoen arteko kontua dela agerian geratzen da, ala?
Bai, baina tranpa dauka horrek. Izan ere, lan merkatura buru-belarri sartu da emakumea azkeneko urteotan, baina, bestalde, gizonezkoa ez da maila berean esparru familiarrean, etxekoan, inplikatu. Eta administrazioak ere ez du bete emakumeek etxean utzitako hutsunea. Emakumearen gainera etorri da kanpoko zein etxeko lana. Hori da errealitatea, nahiz eta gauzak aldatzen ari diren. Egoera horrek askotan, gainera, emakumeen bizitza profesionala ere baldintzatzen du.
Zaintzailearen adinari dagokionez esan duzue %20 dela 65 urtetik gorakoa, ezta?
Bai. Adinekoen kasuan, zaintzaile asko eta asko dira 65 urtetik gorako emakumeak, eta, kasu gehienetan, haien senarrak edo bikotekideak zaintzen dihardute. Alderantzizkoa gertatzen denean, hau da, emakumezko adindun batek laguntza behar duenean, haren senarra ez da emaztearen zaintzailea.