Lehenengo aldiz, euskal gehiengo sindikalak Madrilen deitu zuen protesta agerraldia. Hain larria da gertatzen ari dena?
Bai, oso larria da. Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi duen hirugarren erreforma mardula da, lan-erreformaren eta erretiroen erreformaren ondoren. Joerak lehengo berberak dira, norabide beretik doaz. Horregatik, erabaki genuen gure protesta eramatea erabakiak hartzen diren muinera bertara.
Lan-erreformaren espiritua zen, egileen esanetan, langabezia bukatzea, baina ikusi da ez dela horrela gertatu, eta urte askoan ez dela gertatuko. Gero, pentsioen erreforma etorri zen, langileen aurkako historiako erasorik gogorrena.
Kataluniako, Galiziako, Kanariar uharteetako, Aragoiko eta Madrilgo sindikatu batzuk ere han izan ziren.
Bai. Gure haserrea Madrilen erakutsi nahi izan genuen, eta, bestetik, gure erabaki esparrua defendatu; gure kasuan, esparru hori Euskal Herria da. Eta alternatibak ere aldarrikatu nahi izan genituen, alternatibak badaudelako.
Martxoaren 19a jarri zuten egileek hitzarmena lortzeko mugaegun gisa, baina oraindik negoziazioak ez dira bukatu…
Bai. Negoziazioko aldeak oso urrunduta zeuden, baina mahai gainean badituzte puntu nagusiak, eta ñabardura batzuk falta dituzte. Hitzarmenak estatalak izan daitezen nahi dute, eta hitzarmen probintzialak kendu; bestetik, ultraaktibitatea kendu nahi dute, hau da, hitzarmen baten indarraldia bukatzen denean berririk lortu ez bada, zerora bueltatu… Abstentzioa, flexibilizazioa eta soldaten deskarga sartu nahi dituztela ere entzun dugu.
Bi ildo nagusiak dira hitzarmenak zentralizatzea eta ultraaktibitatea kentzea, eta biak oso neurri larriak dira.
Zer ekarriko luke hitzarmen kolektiboak estatalak izatea?
Esaten dute hitzarmenak oso atomizatuta daudela eta berdindu egin gura dituztela. Baina zelan? Hori da garrantzitsuena. Debagoienean, adibidez, metalaren sektorea pisu handikoa da. Bada, Madrilen, metaleko peoi batek kategoria bereko Debagoieneko batek baino 60 ordu gehiago lan egiten du, eta urtean 7.000 euro inguru gutxiago irabazten du, batez beste. Behera tiratuko dute berdintzerako orduan; hortaz, hemengo peoi batek urte askoan eta askoan soldata izoztuta izango luke.
Entzun izan da ere soldatak produktibitateari lotu gura dituztela. Hori proposatu du, adibidez, Alemaniako kantziler Merkelek…
Bai; Angela Merkelek esan du soldata KPIari lotzeak dagoeneko ez duela balio. Hemengo enpresaburu gehienek galdetzen dute zelan neurtu daitekeen produktibitatea, eta zelan egin daitekeen lotura hori. Izan ere, Euskal Herriko produktibitatea oso handia da; gutxienez, Alemaniarenaren parekoa.
Modu batera edo bestera, helburua da soldatak ez daitezela handitu. Badirudi, orain soldatak direla krisiaren errudunak. Baina nik ez dut ezagutzen soldata handiegiak izateagatik itxi den enpresarik; ixtekotan, gestio txarragatik-edo izan da.