Ferrerias kalean jaio eta hazitakoa zara. Nolakoa zen orduan Arrasateko kaleko giroa?
54. zenbakian bizi ginen gu, azken etxean, eta lehen, autorik ez zen ibiltzen han. Umetan, gurea zen eskolara joan eta jolas egin: mataperros, txapekin, aterkietako barillekin egindako geziekin, beste kaleetakoekin gerrak, futbolean... Gaur egun kalean ez dago ezer, baina orduan, emakumeek bankuak kalera ateratzen zituzten eta gauean berbetan egoten ziren, kritika eraikitzailea egiten.
Ordutik hona duzu musikarako zaletasuna?
12 urterekin hasi nintzen. Etxean, aita eta bost anaiak, denak ibili gara bandan. Solfeoa ikasi eta urtebete inguru pasa nuen Justo Munarrizekin ikasten. Handik urtebetera sartu nintzen bandan, 12 urterekin tronboia jotzen; neu baino handiago zen tronboia! Gero, fliskornoa jotzen hasi nintzen; baina, soldadutzara joan, eta banda utzi nuen.
Zarzuelan ere hasiera-hasieratik zaude.
Halaxe da, eta oso gustura nago. Azken eguna izaten da onena: entseguak zailak dira, eta estreinaldian eta gainerako emanaldietan ere urduri zaude barrutik... Baina, amaitzean, pax christi!
Eta orain dela bizpahiru urtetik hona, Txorbela otxotean ere bazaude.
Lagun batzuek esan zuten hemen galduta zeudela otxoteak, eta ea Arrasaten sortuko genuen bat, eta halaxe izan zen. Lehen gauza izena aukeratzea izan zen; Arrasaten orbelari txorbela esaten zaio eta hortik hartu genuen izena. Lehenengo, zapatuetan entseatzen genuen; ondoren, domeketan; eta azkenean, egubakoitzetan entseatzen dugu. Hamabi-hamahiru gara, eta han ez du inork hutsik egiten!
Oker ez banago, orain suediera ikasten zabiltzate...
Otxotearekin elkartrukeak egiten ditugu, eta ekainaren 10ean Suediako talde bat etorriko da; ordurako lauzpabost kantu ari gara suedieraz ikasten. Emanaldi asko izan ditugu kanpoan: Sos del Rey Catolicon, Granadan, Donostiako Aquariumean... Herrian bertan ere abestu genuen, San Frantziskon, eta eliza bete egin zen!
Ahotsa zaintzeko trukurik baduzu?
Ez, berezkoa dut. Esaten dute arrautzak-eta jan behar direla, baina ez dut halakorik egiten.
Musika bai, baina kirola ere oso gustuko duzu, batez ere futbola... Zenbat partidu ikusiko zenituen?
Uf... Mondra taldearen gehienak, eta gero gazteenak, kadeteenak... Eta Realarekin ere denak; andrearekin, gainera, baita bere garaian umeekin ere. Joan den domekan haserre etorri ginen Anoetatik, Reala ez nuen ondo ikusi.
Mondrako presidente ere izandakoa zara. Presidente moduan, ezberdin ikusten da?
Ez. Presidente izatea proposatu zidatenean, esan zidaten ez nuela ezer berezirik egin beharko, argazkietarako-eta zela... Baina Mondrak galtzen duenean, presidente izan edo ez, min bera egiten du.
Mondrak ala Realak, zeinek irabaztea nahiago?
Hori da hori galdera! Irabaz dezatela biek. Bien zale amorratua naiz.
Nola ikusten duzu Mondra aurten?
Ez dakit etxean zer gertatzen den... Galdu edo berdindu egiten dute, baina kanpoan hobeto ari dira jokatzen. Hala ere, gehiago gustatzen zait gaztetxoak ikustea, gazteak, kadeteak, baita emakumeak ere.
Kirola ikusi bai, baina egiten duzu?
Astero hiru aldiz frontenisean jokatzera joaten gara lau lagun. Han ibiltzen gara, jo eta su! Eta gero, indarrak berreskuratzeko, elkartera joaten gara afaltzera.
Hori ere esan digute, elkartean otordu ederrak prestatzen dituzula.
Tira, ederrak... Niri tokatzen zait beti egitea. Nire espezialitatea zein den? Arbigarak! Menestra ere nahiko ona egiten dut; paella, olagarroa... Etxean, emaztea badago, hark egiten du; baina tarteka ni ere ibiltzen naiz sukaldean.