Soslaia |
---|
Mondragoetarra da, baina Gasteizen bizi da; hara ezkondu zen. Alarguna. Semea eta alaba ditu, Alberto eta Ana, 41 eta 36 urtekoak. 65 urte ditu. Bi agintaldi egin ditu PPren zinegotzi moduan Arrasateko Udalean. Hirugarrenera doa. Arrasateko eskola profesionalean egin zituen ikasketak, baina ez zuen bukatu. San Jose kooperatiban hasi zen, Eroski izango zenaren aurrekoan. Gasteizen opari eta osagarri denda bat izan zuen urteetan, eta, bestalde, ikasle nerabeak atzerrira bidaltzeko enpresa bat ere izan zuen. Baina utzi egin zituen biak ere. Radio Vitorian iritzia ematen ibilia da eta, une honetan, Arabako Intereconomia irratian dihardu. |
Prest daukazue Arrasateko zerrenda osoa?
Oraindik ez. Ea datorren asterako prest daukagun.
Zerrendaburua zeu zara eta bigarren doana ere arrasatearra izaten ahalegindu zara. Ez da, ordea, hala izango, ezta?
Hala da. Ahalegindu gara azkeneraino, baina ezin izan dugu baietza lortu. Arrasaten oso zaila da herriko batek baietza ematea PPren zerrendetan joateko. Herriaren alde lan egiten dugu, siglen gainetik, herrigintzan dihardugu, eta ez da justua PP moduko alderdi baten alde agertzearren beldurra sortzea, baina… Zenbat diru daukagun, ze aurrekontu osa dezakegun, zela administratzen dugun dirua, ez alperrik gastatzea, herritarrak zergekin ez itotzea… Horiek dira inportanteak, siglen gainetik. Udalen autonomia, eskuduntzak, finantziazioa…
Udalen legea ezin onartu zabiltzate urteetan…
Egia da. Ezinbestekoa da Udalen legea eta PPn beti egon gara horren alde. Eusko Jaurlaritza busti egin behar da Udalen legea aurrera ateratzeko.
Zein da Mondragoeko PPren eskaintza nagusia datozen hauteskundeetarako?
Zer gura dute arrasatearrek? Herria ganoraz edukitzea! Garbi. Kaleak egoki. Mugikortasun efizientea. Garraio publiko egokia… Iraunkortasunaz egiten da berba, baina halako berbak ez ditu ulertzen herritarrak. Soluzioak behar ditu eta autoa gutxiago erabili behar baldin bada, aukerak eskaini. Auzo eta herri gunearen arteko urbanoa e.a. Edo Ferixalekukoa bezalako igogailua. Geuk proposatu genuen, 2006ko aurrekontuetan, eta barrezka hasi zitzaigun Udalean bat edo beste. Ikusi emaitza! Herritarrak gustura daude. Gaur bertan izan naiz han eta ikusi dut gizonezko bat zihoala gora eta galdetu diot: "zer, goian bizi zara?" eta erantzun dit: "ez, behean bizi naiz, baina gora noa zoragarria delako eta paseatzeko primerakoa delako". Oraindik geratzen zaizkigu arrapalak, igogailuak eta halako gehiago egitea. Autoa gutxiago erabiltzeko ezinbestekoa da.
Besterik?
Tranbia! Badirudi behin betirako gorde dutela proiektua, baina niri iruditzen zait ezinbestekoa dela. Ezin dezakegu uko egin, behar beharrezkoa da bailararako. Autopistak ez du eskualdeko herrien arteko mugikortasun arazoa konpontzen. Tranbia behar dugu!
Eusko Jaurlaritzaren eskumena da eta hark baztertu du beste aukera batzuen alde, eta PPk babesten dut Lopez…
Bai, hala da. Eta esan diet Gasteizeko legebiltzarrean dauden alderdikideei tranbiaren alde egin dezatela. Baina, Gipuzkoako Diputazioak ere zerbait esan beharko du, ezta? Donostialdean sekulako babesa ematen dio Diputazioak garraio publikoari. Eta guri, zer?
Auzoak?
Udala, Gesalibar, Bedoña, Makatzena, San Andres, Erguin… horiek guztiak txukundu behar dira eta premiazko zerbitzuez egoki hornitu.
Gizarte zerbitzuak?
Ezin dezakegu hori ahaztu eta krisi denboran ere eutsi egin behar zaio horretara bideratzen den diru kopuruari. Bestakde, Iturbide leku faltan dago, baina egokitzapen lanak egin dira eta egin beharko dira hobekuntza gehiago.
Zer gertatzen da Musika Etxearekin?
Horixe da beste proiektu erabat ezinbestekoa arrasatearrondako. Saiolaneko eraikinarekin arazoak izan ditugu, Gelmakoa hor dugu. Aukera ona da. Izan ere, 500 ume eta neska-mutiko daude Arrasate Musikalen. Hori kultura da eta horri irtenbide egokia eman behar zaio.
Eta euskara?
Udal Euskaltegiak ere behar beharrezkoa du egoitza duina. Oraingoa penagarria da-eta. Horri eman gura diogu erantzuna. Udalak baditu hainbat eraikin eta ondo pentsatu behar dugu zer egin horiekin. Ondo planifikatu eta erantzunak eman.
Alderdien gainetik, herrigintzaren alde zaudela diozu.
Ezinbestean. Batzuk eta besteak elkarrekin aritu behar dugu, alderdikeriak albora utzi eta herraren alde lanean. Esango didazu PPko zinegotzi bakarra naizelako diodala hori, baina 12 izango bagina ere berdin pentsatuko nuke. Udalbatzan gauden 21 zinegotziak elkarrekin jardun behar dugu proiektu egokienak bideratzeko. Hor dago Etxaluze, ondo egindakoaren adibide.
Zein da Arrasatek daukan premiarik nagusia?
Elkarbizitza. Herritarren arteko harremanak hobetzea, ikuspuntu ezberdinekoak izan arren.
Hobetzen doaz gauzak?
Bai, baina pixkanaka-pixkanaka. Jendeak gura du bakea, normalizazioa, herritarren arteko elkarbizitza. Erabateko garrantzia dauka horrek herri batean.
Ziklo berri baten aurrean gaudela-eta baikorra zara?
ETAk armak uzten dituenean izango naiz baikorra eta egongo naiz erabat pozik. Udaletxeko balkoitik suziriak jaurtiko ditut! Egun hori heltzen denean, lasaiago egongo gara. Gertuago ikusten dut egun hori, baina oraindik ez da heldu.
Arrasaten gutxien gustatzen zaizuna?
Elkarbizitzarik eza. Lehen lasaiago bizi ginen. Hori galdu genuen eta errekuperatzeko lan egin behar dugu.
Lapurretak, kaleen zikinkeria…, horiek ez zaituzte kezkatzen?
Bai, jakina! Segurtasunik eza gero eta agerikoagoa da. Halere, uste dut udaltzaingoak eskuetan duena egiten duela. Akaso, ahalegina egin beharko genuke udaltzain gehiago hartzeko, kaleak gehiago zaindu eta delinkuentzia saihesten saiatzeko.
Zirkulazioa? Aparkalekuak?
TAO zerbitzua ipintzearen aldekoa naiz. Urte asko daroatzat hori esaten. Zerbait egin behar da. Penagarria da ikustea Otaloran, esaterako, zela egoten diren autoak espaloi gainetan. Eta, pintadak! Ezin dira onartu. Zikinkeria hori! Soluzioa behar du horrek.
Zeinek animatu zintuen politikan sartzera?
Beti izan naiz askatasun zalea. Gaztetan, poliziaren aurretik arineketan ibilitakoa naiz. Gero, Gregorio Ordoñez hil zutenean, odola borbor jarri zitzaidan. Mutil gazte bat, nire pentsaera antzeko zuena… Gero beste zinegotzi batzuk hil zituzten…, Migel Angel Blanco, Ortega Lara… Eta, Buesa hil zutenean, sutan jarri nintzen, ezin izan nuen jasan, errebelatu egin nintzen, eta PPra joan nintzen nire burua eskaintzera. 2000 urtea zen. Eta hurrengo Udal hauteskundeetarako deitu ninduten. Ez nuen espero Arrasateko zerrendaburua izatea. Seme-alabek ez zuten ulertu, baina senarrak bai. 2006an afiliatu nintzen PPra, baina 2003an aurkeztu nintzen lehen aldiz Mondragoen PPren alkategai.
Txori batek esan digu Batzar Nagusietara ere aurkeztuko zarela.
Bai, Araban aurkeztuko naiz eta irteteko aukera izan dezaket. 14. joango naiz zerrendan. Hala bada, biak uztartuko ditut, Batzar Nagusietan goizez eta Arrasateko udaletxean arratsaldez. Aurreko Udal hauteskundeetan Alfonso Alonsok eskaini zidan Gasteizeko zinegotzi izateko tokia, baina Arrasate aukeratu nuen nik. Eta oraingoan ere halaxe san diet: "ni Mondragoetik noa". Ulertu dute.
Alkate izango bazina, zein izango litzateke lehen erabakia?
Udalbatzako zinegotzi guztiekin lan egitea, inor baztertu barik eta bereizkeriarik barik. Herriaren alde denok lanean! Eta gardenak izan. Oso irekia naiz.
Ze balorazio egiten duzu Lopez lehendakariarena?
Ona. Aldaketa beharrezkoa zen, boterean urte asko daramatzanak ustelkerietarako joera daukalako. Alfonbrak astindu egin behar da, aire fresko eta berria ekarri. Aldaketa ezinbesteko eta premiazkoa zen.
Mayor Orejaren argazkia duzu bulegoan. Atentzioa ematen du, PPren eskuma muturreko posizioetatik hurbil dagoen horren argazkia…
Mayor Orejak asmatu egin du gauza askotan. Baina, bestela ere, kristau-demokraziatik dator. Nire senarraren laguna zen eta haren osaba Marcelino ere bai. Oso gertukoa da eta asko maite dut. Euskadiko PPren presidente zenean eskatu nion argazkia eta dedikatu egin zidan. Basagoitiri ere eskatu beharko diot…
Gertutik |
---|
Herriko txokorik gustukoena: Santa Barbara. Herriaren erdiko parkea. Ferreria kalean jaio eta bizi izan naiz urteetan. Oroitzapen politak ditut. Herritar bat: On Jose Luis Iñarra parrokoa zena. Bertakoa izan ez arren, mondragoetar peto-petoa zen. Gizon bat, apaizaren aurretik. Elkarbizitza bultzatu zuen. Pertsonaia historikoa: Momentuan, ez zait bat bururatzen. Telebistako saio bat: Ez dut ikusten, irratia bai. Konpainia egiteko pizten dut bakarrik telebista. Eta irratia?: Onda Cero. 24 orduak piztuta, baita gauetan ere. Carlos Herrera goizetan eta Carlos Alsina gauez ditut gustuko. Sare sozialetan ibiltzen zara?: Bai, Facebooken. Baina, modu pribatuan, senideen arteko harremanetarako. Ez daukat profil publikorik eta ez ditut lagunak onartzen. Ez dut gustuko horren ageriko izatea sarean. Irakurri duzun azken liburua: El boligrafo de gel verde, Eloy Morenorena. Irakurtzen dihardut. Oso gomendagarria. Egunkaririk erosten duzu?: Bai, pare bat: El Mundo eta El Correo. Gauean irakurtzen ditut. Bestelakoan, saretik irakurtzen dut beste hainbat egunkari edo hedabide. Interneten zertan ibiltzen zara?: Harremanetarako, hedabideetatik informatzeko… Gauez irakurtzen ditut egunkariak eta oheratzen naiz hurrengo egunean albiste izango dena jakinda. Gutxi egiten dut lo. Gautxoria naiz. Bestalde, partxis partida bat edo beste ere jolasten dut noizbehinka sarean. Ikusi duzun azken filma: El discurso del rey. Oso ona. Atzera ere joango naiz ikustera. Sarri joaten naiz zinemara. Abesti bat: Agur Jesusen ama. Ez naiz oso elizkoia, baina… Leonard Cohen ere gustuko dut. Mania bat: Gauzak egin gura izatea perfektuegi, ondoegi. |