Bertsio latindarrekin zatozte!
Lehen diskoa egin genuenean, Eguzkiaren zain, sartu genituen doinu latindarrak zituzten pare bat abesti. Jendeak gustura hartu zituen, eta hori ikusita jaio da Mugitu! bertsioen diskoa.
Berbenazaleak gara euskaldunak?
Orain arte tendentzia rockeroa izan da nagusi hemen. Baina, pixkanaka, badoa aldatzen. Bizkaian, oso sartuta eta zabalduta dago salsa musika. Bizkaia oso plaza ona da.
Lanbada moda-modan dago!
Bai, oso harrera ona izan du Lanbada abestiaren bertsioak. Gainera, orain, abesti horren bideoklipa egin nahi dugu; maiatzean argitaratuko dugu. Dantzarik ez da falta izango!
17 urteko ibilbidean, zer aldatu da Haitzama taldean?
Lehen, musika euskalduna egiten zen, baina udako kantuak ateratzen ziren, desberdina zen. Taldekideak ere aldatu dira eta egun oso gazteak gara. Bateria, perkusioa, baxua, gitarra, txirula, teklatua, trikitia… bertako instrumentuak Karibeko doinuekin nahasten ditugu.
Jendeak zer eskatzen dizue?
Erromeriak egitean, jendeak bertsioak eskatzen dizkigu. Kantu ezagunek arrakasta izaten dute eta jendea animatu egiten da. Dena den, aldaketa ikusi dugu plazan. Lehen, adin tarte guztiak batzen ziren erromerian; orain, adineko jendea erretiratu egiten da eta gauean oso gazteak ikusten ditugu, 16 urte ingurukoak.
Bilirrubina, Suabe-suabe eta halako abestiek arrakasta dute?
Jendea harrituta geratzen da. Euskaldunok ez gaude ohituta horrelako erritmoetara, ez ditugu guztiz barneratuta.
Hirugarren lana prest?
Jendeak gure abestiekiko erantzun ona daukala ikusita, saiatuko gara. Diskoak jendearendako egiten ditugu, eta ez guretzako. Ez baduzu inolako erantzunik ikusten publikoarengandik, zaila da, motibazioa behar duzu.
Etorkinei eskaini diezue lan hau.
Geroz eta etorkin gehiago daude. Bakarrik senti ez daitezen eta gure parte izateko asmoz egin dugu lan hau. Gu ere haiengana zabaltzeko eta euskara barneratzeko bidea da.
Ezkontzak alaitzen jarraitzen duzue?
Orain, lehen baino gutxiago. Ez dakigu jendea gutxiago ezkontzen den edo zein den arrazoia. [Barre] Orain dela 17 urte, halaxe hasi ginen, ezkontzetan jotzen. Egun, erromeriak alaitzen gabiltza.
Ze proiektu dituzue orain esku artean?
Gure asmoa da zuzenekoak egiten jarraitzea. Baina baditugu bi proiektu guztiz ezberdinak direnak esku artean: bata, bertsio disko bat egitea; eta bestea, umeendako kantuak egitea. Bi proiektu interesgarri direla iruditzen zaigu. Informazio guztia Haitzama.com webgunean duzue.
Festa latindarra euskaraz
Oso bitxia iruditu zait Haitzama taldeak disko honetarako egin duen norabide aldaketa. Iraganean euskal folka zabal landu badute ere, Hego Amerikatik gurera heldu diren hit! eta klasiko batzuk batu eta euskaratu egin dituzte. Pieza itsaskorrak dira, dantzara deitzen dutenak eta helduek zein gazteek ezagutzen dituztenak; hortaz, seguruenik harrera beroa izango dute. Gainera, bertsioak egiterakoan ez dira originaletatik apenas urrundu. Bilirrubina, Me gustas mucho, Lambada, Devorame otra vez... buruan dituzun guztiak hemen daude batuta, baita bestelako tempoa duen Pablo Milanesen Yolanda ere. Etorkinendako eta euskararendako keinu berezia.
Iker Barandiaran