Nola hasi zinen horrelako mintegiak ematen?
Lehen, gauzak erraz identifikatzen ziren. Emakumearen papera bigarren mailakoa zen, senar, aita edo anaiaren mende zegoen, eta hark zioena egin behar zuen. Egoera horren aurrean iraultza baten bila hasi nintzen, eta ekimen ugariren artean mintegien kontua irten zen.
Arrasatera 27 urtean etorri ostean, zerbait aldatu da?
Tira, hori esaten zaila da. Nik aldaketa egon dela esan nahiko nuke, baina ez da erraza. Dena den, baikorra izan nahi dut eta apurka-apurka egoerak hoberantz egin duela uste dut, gehienbat jende gaztearengan. Baina azken urteotan gizartea asko eraldatzen ari da eta aldaketa bortitz horiek ez dira beti onuragarriak izaten. Ikusiko dugu guztia pixka bat baretzen denean.
Zein jende mota joaten da horrelako mintegietara?
Ez dago profilik, 16 eta 60 urte bitartekoak etortzen direla esango nuke. Baina horrelako gaietan, edozein pertsonari zabaldu nahiko nioke gonbita.
Holako mintegietan, autodefentsaz gain ze irakasten da?
Nire ustez, autodefentsa bigarren mailako zerbait da, aurretik lan handia egin behar da. Askok uste dute telebistan ikusi dituzten kung fu giltzak egitera etorriko direla, baina ez da horrela gertatzen. Emakumeek jasaten duten indarkeriaren %80 etxe barruan gertatzen da. Hortaz, arerioa menderatzen jakin aurretik, hura identifikatzen jakitea ezinbestekoa da.
Baina, orokorrean, indarkeria gutxiago dago ala ez?
Zoritxarrez, ez. Indarkeria mozorrotu egin da.
Nola?
Emakumeok jasaten dugun indarkeria ez da fisikoa, hori azken sintoma da, baina horren guztiorren atzean ikuspuntu matxista ugari daude. Askotan, maitasuna erabili ohi da emakumea menpe hartzeko; egunero entzuten ditut: "Finagoa izan behar duzu"; "Horrela jarraitzen baduzu ez duzu senarrik aurkituko". Eta zer? Senarra ez da guztia! Baina, noski, gizon nahiz emakumeok lan handia egin behar dugu horrelako esaldiak eta atzean duten ideologia ezabatzeko.
Gizonezkoek hedatzen dute ideologia hori?
Gizonezko eta emakumezkoek hedatzen dute. Oraindik, emakumea zerbait hauskorra izango balitz bezala aurkezten dute eta, aldi berean, ez diote defendatzeko modurik ematen.
Baina hura defendatzeko tresnak sortu dira. Epaitegiak, gizarte zerbitzuak...
Baina salatzen ari naizen ideologiak ere kutsatu ditu. Emakumea biktima erruduntzat jotzen dute eta gizonezkoa behartua izan den erruduna. Hor daukagu Nagore Laffage-ren kasua. Epaimahai baten iritziz, erailketa izatetik homizidio izatera pasa zen, haren hiltzailea izan zen Jose Diego Yllanes edanda zegoelako. Noiz arte jasango ditugu horrelako gauzak? Kalean protesta egiten egon beharko genuke!
Hortaz, gu gara etsai handienak?
Ba bai, horrela da. Urtetan, izaera matxista gure egin dugu, eta, publikoki gaitzesten dugun arren, askotan indartu egiten dugu.