Jose Mari Urizar: "Udaletxean egon denari ostera ere bueltatzea gustatzen zaio; politikaren lan politena Udalekoa da"

Mirian Biteri 2011ko ots. 16a, 01:00

Une garrantzitsuak bizi izan zituen udaletxean Jose Mari Urizar Ametzu-k. Bi agintaldi egin zituen han: lehena, 1984tik 1987ra, Alvaro Arregi alkate  zela; eta bigarrena, 1999tik 2003ra, Xabier Zubizarreta Txiron-ekin. Garai haien gainean egin dugu berba datozen lerrootan.

Nolatan aramaioar bat Arrasaten?
Aramaio oso herri polita eta giro onekoa da, baina, zoritxarrez, enpresarik ez zegoen, eta, gertuen zegoena Arrasate zenez, hona etorri nintzen. Lehenengo, Aramaion lanean ibili nintzen, baina gero, lanbide bat ikasteko ilusioa neukan eta mekanikari izateko ikastera etorri nintzen.

Semea bezala, zu ere politikan ibilia zara...
Hala da. Arrasaten ondo integratu nintzen, hemen koadrila eta beste hainbat gauza dauzkat. Eta beti izan dut politikan ibiltzeko  eta askatasuna lortzeko gogoa. Francoren garaian hor ibili nintzen zerbait egiten, eta, partiduak legeztatu zirenean, EAJko kide izan nintzen.

Alvaro Arregi zegoen orduan alkatetzan. Zelan gogoratzen dituzu hiru urte haiek?
Ni urtebete geroago sartu nintzen. Aurrekoek, Forondak eta Igoak, osasun arazoak zirela-eta kargua utzi behar izan zuten, eta haien ordez Lorentxo Altube eta ni neu sartu ginen. Baina sartu ginenerako martxa hartuta zegoen, batzordeak osatuta, eta guk lagundu eta osoko bilkuretan bozkatu egiten genuen, lan askorik barik.

1986an, EAJren eta EAren arteko zatiketa etorri zen. Zelako eragina izan zuen hark Udalean?
Garaikoetxearen aldera lau zinegotzi pasa ginen: hain justu, Bizente Etxebarria, Lorentxo Altube, Jose Zabarte eta laurok. Dena dela, EAJkoekin ez genuen arazorik izan, eta hartu-emanek onak izaten jarraitu zuten.

Handik urtebetera Txomin Iturberen heriotza izan zen eta tentsio handiko uneak izan ziren, ezta?
Bai. Une gogorrak ziren. Alde batetik eta bestetik hilketak zeuden eta bertako semea hiltzen zenean oso gogorra zen. Gu erdian geunden; batetik, EAJk Eusko Jaurlaritzako indarra zeukan eta hark esaten zuena egiten genuen; bestetik, beste pentsamendu bat zutenak zeuden. Osoko bilkuretan izaten genituen iskanbilak.

1999an udaletxera itzuli zinen ostera ere. Zergatik?
Behin udaletxean egon denari ostera bueltatzea gustatzen zaio; politikaren lan politena Udalekoa da. Finean, lana udaletxean egiten da. Lan egiteko gogoa badaukazu, herriko jendearekin hartu-eman zuzena duzu. Proposatu eta onartu egin nuen.

Xabier Zubizarretarekin, Gobernuan egon zinen. Zerbitzuetako buru eta auzoetako arduradun izan zinen. Nola gogoratzen duzu agintaldia?
Oso urte politak izan ziren. Lan asko egin genuen. Ezker abertzaleko, Ezker Batuko eta EAko ordezkariak egon ginen Gobernuan. Ondo konpondu ginen, Txiron oso eskuzabala izan zen. Gogoratzen naiz ardura hartu genuenean, kanposantua zelan zegoen ikusten egon ginela. 200 toki zeuden jendea lurperatzeko eta oraindik hiru urtean ezin genituen atera lehendik lurperatuta zeudenak. Arrasaten 160 lagun inguru hiltzen ziren urtean. Ez geneukan dirurik eta gorpuak errausteko zerbitzua jartzea pentsatu genuen. Txiron-ekin komentatu eta aurrera egin genuen.

Ze beste proiektu egin zen?
Urbanoa garai hartan jarri genuen, eta udaltzainak ere gauean lan egiten hasi ziren orduan. Plan Orokorrarekin ere ibili ginen.

2003an, ezker abertzalearen ilegalizazioa izan zen. Nola bizi izan zenuen egoera hura?
Gaizki. Plan Orokorra onartu genuenean mehatxuak jaso genituen esanez hori aldatu egingo zela. Zoritxarrez, hainbat tokitan aldatu egin zuten, eta horrek min egiten du; adostasun zabalarekin atera genuen hori aurrera. Gelmara begiratu baino ez dugu; etxe libreak saldu barik daude eta babes ofizialekoak falta dira.

Erretiratuta zaude aspaldi; zertan ematen duzu orain denbora?
Oso ondo. Mendizalea izan naiz beti eta goizetan mendira joaten naiz; ehiztaria ere banaiz eta perretxikotan eta susatan ibiltzea gustuko dut. Ametzu baserrira ere inoiz baino gehiago joaten naiz. Ez naiz aspertzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak