Elkartearen jardunaz diharduzu berbetan.
Hala da. ACABE Debagoiena elkartearen egoitza Arrasateko Jose Luis Iñarra pasealekuan dago, Altamira auzoan. Martitzenetan psikologoa egoten da eta astelehenetan bi boluntario daude. Gaixotasuna gertutik bizi duten bi ama dira, eta euren esperientziak kontatzen dizkiete beste gurasoei. Bi egunetan, 16:00etatik 20:00etara egoten gara.
Debagoiendarrek badakite ACABEren bulegoa erabiltzen?
Normalean, guregana etortzen direnak ez dira anorexia edo bulimia dutenak izaten. Etxekoak, bikotekidea edo lagunak datoz informazio eske. Haiek dira gaixoengana heltzeko bide errazena. Gaixoak guregana etortzen direnean hondoa jo dutelako da.
Ze bide jarraitu behar dituzte zuengana doazenak?
Alde batetik, esaten diegu etxean bizi duten egoera aldatzen ahalegindu behar dutela. Halako gaixotasuna dutenen etxean istiluak egoten dira jatorduetan. Beste alde batetik, jarraitu beharreko bide batzuk ematen dizkiegu gaixoa ACABEko psikologoarengana eramateko.
Behin hori lortuta, zer-nolako tratamendua jarraitu behar dute?
Tratamendua oso gogorra da, eta askotan luzea. Espezialista batek zehazten ditu jarraitu beharrekoak: nutrizionistak, psikologoak, psikiatrak...Guk ACABEn egiten duguna da tratamendu horren jarraipena, eta laguntza eskaini, bai gaixo dagoenari, eta baita harekin batera gaixotasuna sufritzen dutenei ere.
Anorexia eta bulimia sufritzen duten guztiak sendatzen dira?
Adibide bat jarriko dut. Elikadura-arazoak dituztenen kopurua hiru zatitan banatuko nuke, pastel baten antzera: heren bat guztiz sendatzen da, beste heren batek gaixotasuna gainditzen du, baina berriro erortzeko arriskua dauka, eta azken herena ez da inoiz sendatzen.
Egungo gizarteak duen gaitz nagusietako bat dela esango zenuke?
Bai, zalantza barik. Egunero esku artean dugun gaitza da, eta, agian egunerokotasun horregatik, ez dugu kontuan izaten. Noizbehinka irteten da hedabideetan. Orain dela gutxi, oso argal zegoen modelo bat hil zen, eta orduan hasi ziren berriro anorexiaren gaiarekin. Beste adibide bat, iaz arropen neurriak bateratzeko asmoa agertu zutenean, argaltasunaz hitz egin zuten.
Debagoieneko ACABEren bulegoa 2003an zabaldu zenuten. Zenbat gaixo izan dituzue ordutik hona?
Datu zehatzak ezin ditugu eman, baina urtez urte mantendu egin direla esango nuke. Urtero etortzen zaigu berriren bat, baina ez dugu izugarrizko gorabeherarik izaten.
Anorexiak eta bulimiak nortzuengan eragiten du gehien?
Geroz eta mutil gehiago datoz guregana, baina oraindik ere, neskak dira gehiengoa. Adinari dagokionez, batez beste, 22 eta 25 urte artekoak dira. Baina ikusi dugu gaixotasuna umeek, nerabeek eta helduek ere sufritzen dutela. Garbi eduki behar dugu 9-10 urteko edo 50 urtetik gorako edonork izan dezakeela anorexia edo bulimia.
Modak eragin zuzena dauka elikadura-arazoetan?
Bai. Gaixo dauden neskek modaren eragin zuzen-zuzena dute. Hedabideetan modelo oso argalak agertzen dira, argalegiak batzuetan. Arropa erostera goazenean, bestalde, neurriak oso estuak izaten dira, eta horrek ere ez du askorik laguntzen. Mutilen kasua oso bestelakoa da. Batzuek modaren eragina izaten dute, baina gehienek kirolarekin lotzen dute euren gaixotasuna. Kirola asko egiten dutenak dira elikadura-arazoak izaten dituztenak.
Anorexia eta bulimia prebenitzeko neurriak har daitezke?
Nik esango nuke baietz. Gaixotasuna sortzeko beste eragin izan dezake egungo gizarteak prebentziorako ere. Hedabideetan ikusten ditugun iragarki gehienetan emakume eta gizon argalak agertzen dira. Nerabeendako haiek dira erreferentzia. Etxean ere prebeni daiteke, adibidez, elikadura orekatuaren aldeko apustua eginda. Baina guztiok oso azkar bizi gara, eta ez dugu jatordurik egiten lasai.
Bestalde, oporren ondorengo egunak arriskutsuak izaten dira. Gabonen eta abuztuaren ondoren, gehiegizko kiloei aurre egiteko, bikini-operazioa hasten dute askok, inongo neurri barik.
ACABE Debagoiena elkartera joan gura duenak zer egin behar du?
Astelehen eta martitzenetan gaude. 943 79 69 27 da gure telefonoa.