Euskarazko palindromo lehiaketa antolatu dute lehenengoz bailaran

Mirian Biteri 2011ko urt. 5a, 01:00

Euskal Herri mailako lehiaketa bitxia antolatu du Arrasateko AED elkarteak: euskarazko palindromo lehiaketa, hain justu ere. Palindromoa zer den? Bada, aurretik atzera nahiz atzetik aurrera berdin irakurtzen den hitza, zenbakia edo esaldia.

AEDko teknikari Melina Lopezek azaldu digu parte-hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzakeela. Hori bai, lanek, ezinbestean, ulergarriak eta zentzudunak izan beharko dutela gaineratu du. Palindromoen luzera baloratuko da, epaitzeko orduan erabakigarria izango ez bada ere. Horren harira, azpimarratu nahi izan du palindromoaren luzera hitzen arteko espazioak kontuan hartu gabe neurtuko dela.

Otsailaren 11 baino lehen
Lanak aed@aedelkartea.com helbidera bidali behar dira, otsailaren 11ra arte, palindromoarekin batera egilearen izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoak jarrita.

Epaimahaiari dagokionez, Lopezek aipatu digu Markos Gimeno palindromo egileak eta Erdu AEK-ko eta Arrasateko Udal Euskaltegiko ordezkariek osatuko dutela. Irabazleak otsailaren 21ean jakinaraziko dituzte, AED elkartearen webgunean (www.aedelkartea.com) eta Facebooken.

Bi sari banatuko dituzte: Euskal Herriko onenak Debako Txindurri-Iturri landetxe eta sagardotegian bi lagunendako sagardotegi afaria, logela eta gosaria irabaziko du; eta Arrasateko onenak, ostera, Arrasateko Txondorra erretegian lau lagunendako etxeko menu berezia.

"Modu jolasgarrian"
Lopezek gogorarazi du urtero antolatzen dutela lehiaketa, eta aurten zerbait berezia egitea erabaki dute. Hainbat aukera aztertu ostean, azkenean, euskarazko palindromoena egitea erabaki dute. Haren esanetan: "Modu jolasgarrian hizkuntza lantzeko aukera polita eskaintzen duela iruditzen zaigu".

Lehiaketa bitxia dela eta, hortaz, eskualde mailan antolatu beharrean Euskal Herri mailan egitea erabaki dutela ere esan digu: "Normalean, Debagoienean antolatzen ditugu horrelako lehiaketak, baina aurtengoa orain arte egin den bakarrenetarikoa da, eta hori zabaltzea merezi duela uste dugu".

Lehena, 1923. urtean
Azken horren harira, AEDko teknikariak azaldu du 1923koa dela ezagutzen den euskarazko palindromoen lehen aurrekaria.Ebaristo Bustintza Kirikiño idazleak antolatu zuen lehenengo lehiaketa 1923ko abenduaren 16an, Euzkadi egunkariaren orrietatik. Bi hilabeteotan 150 palindromotik gora jaso omen zituzten erredakzioan.

------------------------------------------------------------------------------------------

Zer da palindromoa? Palindromoa hitz edo espresio kapikua da. Ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitz, esaldi edo zenbakia da, hain justu ere. Hitz horiek alderantziz irakurrita ere espresio zentzudunak dira hizkuntza berean, nahiz eta esanahiak ezberdinak diren. Palindromos hitza grekoa da. Atzeraka korrika esan nahi du.
Esaterako, Adibidez, 3.883 zenbakia palindromoa da; Euskal hizkuntzan, arazi eta izara aipa daitezke. Hitz-jokoak gustatzen zaizkienendako dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak