Santamasetan eta Gabonetan, dotore-dotore

Maialen Gonzalez 2010ko abe. 23a, 13:00

Askok eta askok baserritar jantziak armairutik aterako dituzte. Urterik urte baserritar janzteko ohiturak gorabeherak izaten dituen arren, ohikoa da herritarrak jantziekin kalean ikustea. Jarrain dituzue eredu eder batzuk.

Umeak dira janzteko ilusio handien izaten dutenak, baina helduen artean bada ohitura ere. Gaurko herri bazkarian, esaterako, oso gutxi izango dira baserritar jantzita ez daudenak.

Estilo aldaketa nabarmena
Urtetan baserritar jantzien estiloa nabarmen aldatu da. Gehienbat, emakumeena. Motibo sinpleak erabiltzetik, askotariko kolore eta formak dituzten jantziak geroz eta ugariagoak dira.

Bordatuak ere garrantzitsuak dira emakumeen basterritar jantzietan. Amantalean, azpiko gonean eta pololoetan edota zapietan ohikoak dira bordatuak, eta estilo eta liraintasun berezia ematen diote jantziari.

Gizonezkoen jantziek ez dute aldaketa nabarmenik izan, baina geroz eta gehiago dira jantzi berezia soinean eraman nahi dutenak. Izan ere, jai bereziak dira santamasak herritarrentzat eta soinean jantzi berezi bat eramateak ere badu bere xarma.

Itxurak zaintzea ere eskertzekoa izaten da jaiak heltzerakoan. Izan ere, baserritar jantziak hainbat atal ditu eta askotan, denak behar bezala eramatea ez da samurra izaten: eguraldi txarraren ondorioz abarkak janztea ez da batere erosoa edota buruko zapia egun osoan eramateak nekatu ere egiten gaitu.

Txikitxu-Arrostaitzeko sei kide prest agertu dira euren jantziak erakusteko. Talde guztiarekin batera, Santamas egunean dantzaldia eskainiko dute. Goizean txerri-dantza eta arratsaldean, berriz, txerri-dantza eta larrain-dantza. Horiek guztiak, Arrasateko Herriko Plazan. Herri bazkarian, gainera, dantzaldia baino lehen ere dantza saioa eskaintzen dute urtero.

Eneko Arana dugu gizonezko bakarra eta hark Debako jostun batek egindako jantzia darama soinean. Bestalde, sei neska ditugu: Leire Murillo, Alaitz Martinez, Oihana Gonzalez, Nekane Gardoki, Ainhoa Nafarrate eta Irati Gallastegi. Jantzi bakoitza bere istorioarekin. Jantzi bereziak egun berezi baterako.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

Kolore beltza eta urdina. Duela bi urte erosi zuen Eneko Aranak soinean daraman baserritar jantzia. Debako jostun batek egina, XIX. mendeko argazki batetik ateratako diseinua da. Irati Gallastegik ere kolore urdina eta beltza aukeratu ditu baserritar janzteko.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

Koloreak eta loreak. Oihana Gonzalez arrasatearraren jantzia ere Debako jostunak egina da. Kolore urdina nabarmen, berdea ere aukeratu du baserritar jantzirako eta loreak ez dira falta, gonan, amantalean eta lepoko zapian.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

Alaitasuna soinean. Irunen erositako oihalak dira Nekane Gardokirenak. Gona Orion egin zioten eta alkandora, berriz, Zarauzko jostun baten obra izan zen. Azkenik, bordatua, Aramaion egina. Kolore morea amantalean eta lepoko zapian, gona marraz josia eta buruko zapian, berriz, loreak nagusi. Morearekin batera, kolore berdeek alaitzen dute jantzia.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

Zapi mota ugari. Kolore bakarrekoak, loredunak, ilunak, argiak... Zapi mota ugari ikus daitezke. Soineko biziak zapi arrunt bat lagun izan dezakeen bitartean, badira loreak eta kolore biziak dituzten zapiak ere. Nork bere gustuen arabera, buruan zapia eramateak baserritar jantzita are dotoreago eta prestuago egoten laguntzen du askotan.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

Kolore apalak eta biziak. Hainbat elementu tartekatzen ditu Ainhoa Nafarrate arrasatearraren baserritar jantziak. Buruko zapian loreak nagusi, amantal morea alkandora grisarekin konbinatzen du eta gonak ere kolore ugari nahasten ditu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak