Iñaki Perurena: "Aspaldiko harremana dugu Arrasaterekin eta polita da urtero etortzea"

Maialen Gonzalez 2010ko abe. 21a, 10:47

Urteak dira Iñaki Perurena Arrasatera etortzen dena Santamas egunean ikuskizuna ematera. Aurten ere gurean izango da, eta elkarrizketa egin diogu.

Hainbeste urte Arrasatera etortzen… Herria gustuko duzun seinale izango da, bada!
Bai nik herria eta baita herritarrek ni ere gustuko nauten seinale izango dela esango nuke. Urteak dira Arrasateko santamasetara gatozena, eta ilusioarekin egiten dugun zerbait da, gainera.

Ilusioarekin diozu. Zer dela eta?
Honezkero utzita izango genukeelako bestela! Urtetan gauza bera egiten dihardutenek halabeharrez edo gogoz egiten dute. Gure kasuan, gure lana da, baina gustu handiz egiten dugun lan.

Arrasateko santamasek, Santo Tomas eguna baino egun bat geroago ospatzeaz gain, badute ezer berezirik?
Herriz herri saioak eskaintzera joaten garenean, gure lana ondo betetzea izaten da gure helburua. Lan hori giro atseginean egitea lortzen badugu, askoz hobeto. Arrasateko antolatzaileekin aspaldidanik dut harremana eta benetan giro polita eta atsegina bizi izaten dugu santamasetan. Goazen tokira goazela jendearen erantzuna ona izaten da, baina Arrasaterekin dugun harreman bereziak bertako saioa ere berezi bihurtzen du guretzat.

Alderik ikusten da urteek aurrera egin ahala? Hobera ala txarrera goaz?
Giro ona eta polita ikusi izan dut beti. Hasieran alde zaharrean egiten genuen gure emanaldia eta orain, berriz, frontoian. Alde batean zein bestean, jendearen erantzuna beti izan da ona, eta eskertzekoa da.

Lanera bai, baina parrandan gelditzeko aukerarik izan duzu?
Zorionez, lanik ez zaigu falta eta aurreko eta ondorengo egunetan ere saioak izaten ditugu sarritan. Beraz, parrandara gelditzeko astirik ez dugu!

Tradizioa eta ohiturak gogoratzeko aukera polita izaten dira santamasak. Jai soil gisa hartzen dela uste duzu ala baserritar jantzia janzteak badu esanahi berezirik euskaldunontzat?
Jairik jai ibiltzeko aitzakia behar izaten dugu askotan eta aurkitzea ez da zaila izaten. Ikuspuntu askoz erosoa dugu gaur egun eta ez dakit horrelako jai batek gure arbasoen bizimodua benetan ezagutzeko aukera handirik ematen digun.  Hala ere, jai polita da eta urtetan zehar iraun dezala!

Amaitzeko, sarean are ezagunagoa egin zaituen bideoa aipatu beharrean nago…
Askotan idatzi bat egin edota hizketaldi bat bota eta ez da gehiegi zabaltzen eta ezagutzen. Elkarrizketa hau udaberrian egin zidaten eta norbaitek elkarrizketaren bost zati sarean zintzilikatu zituen. Eta hortxe zeuden. Egun baten, aldiz, norbaitek bideoak aurkitu, elkarrizketaren zati bat hartu eta ingelesezko izenburua jarri zion. Harrigarria da norbaitek egiten duen mugimendu batek zer-nolako eragina eta oihartzuna izan dezakeen. Hizketaldirako apenas astirik ez dugun garai honetan ordenagailu aurrean esertzeko tartetxoa beti aurkitzen dugu egungo jendarte honetan eta azken asteotan bideoak izan dituen sarrera eta bisita kopuruaren gorakada harrigarria izan da. Bost minutuko zati baten gauza asko esaten eta ikusten dira, jarrerak, erantzunak… Jendearen artean eztabaida eta jakin-mina ere piztu duela esango nuke, eta Euskal Herria apur bat gehiago ezagutzeko balio baldin badu, ongietorria izan dadila!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak