Jon Ormaetxea: "Carl Lewis haserretu egin zen nirekin; irteera nulua egin zuen"

Xabier Urtzelai 2010ko abe. 7a, 07:00

Jose Ramon Petreñasek (Sestao, 1936) eta Jon Ormaetxeak (Arrasate, 1956) 25 urteko lanagatik urrezko ezkurra jaso zuten azaro hasieran, Gipuzkoako Federazioaren eskutik. Arrasateko bi epaile horiek, baina, 28 urte daramatzate kronometroa eskuan, bateko eta besteko atletismo hitzorduetan epaile lanak egiten. Kirol horren gainean, eta epaile izateko Mojategin antolatu duten ikastaroaren gainean egin dugu berba eurekin.

Zelan hasi zineten epaile lanetan?
Jose Ramon Petreñas: 80ko hamarkadan hasi ginen, nire kasuan semea atletismoan zebilelako, eta klubetik gurasoei deialdia egin zigutelako. Epaileak behar ziren orduan ere, eta halaxe hasi nintzen atletismoko epaile moduan. Kuriosoa da, gaur egun ere behar berdinak ditugu.
Jon Ormaetxea: Ni gaztetan atletismoan ibili nintzen, eta ondoren eskubaloian jokatzen hasi nintzen. Konturatu ordurako, baina, atletismoko klubean nintzen berriro ere, laguntzen. Eta, epaile izateko ikastaroa antolatu zutenean, Jose Ramonen moduan, neu ere animatu egin nintzen.

Urte hauetan guztietan, zertan aldatu da atletismoa?
Jon Ormaetxea: Aldaketa handiak izan dira. Batetik, gaur egungo atletismo pistak tartanezkoak dira, eta lehengoetan errautsa botatzen zuten pistara. Gipuzkoako pistetan, esaterako, Pasaiako zentral termikoko errautsa erabiltzen zen.  
Horrekin batera, atletak teknikoki askoz ere hobeak dira; lehen korrika gaizki eginez gero zaila zen horretaz ohartzea, orain, ordea, bideoari esker erraza da egiten diren akatsez jabetzea. Atletak askoz ere hobeto prestatzen dira, entrenamenduak, elikadura... eta noski, teknologiak ere izugarri egin du aurrera.
 
Epailearen lana ere dezente aldatuko zen, bada.
Jose Ramon Petreñas: Asko aldatu da, bai. Pentsa, lehen krosetan helmugan kronometroa zuen epailearen atzean jartzen zen bigarren epaile bat, eta atletek helmuga zeharkatzen zuten neurrian, laguntzaileak kronometroa zuenari helmugaratzeak adierazten zizkion, ahoz. Bitartean, beste epailea kronometroaz klik eta klik ibiltzen zen.
Jon Ormaetxea: Eta pistako lasterketetan, berriz, kale bakoitzak epaile bana izaten zuen, denbora hartzen. Gaur egun, kronometro digitalekin erabat aldatu da hori, momentuan inprimatzen ditugulako emaitzak; eta txipekin egiten diren lasterketek beste aurrerapauso bat egin dute.
 
Teknologia horrek guztiak garrantzia kendu dio epailearen lanari?
Jon Ormaetxea: Baliteke, lana asko erraztu digutelako. Atletismoak, baina, betidanik izan du gauza bat ona. Alegia, lasterketa edo proba baten ostean erakutsi bada emaitza ez dela zuzena, akatsen bat egon dela edo erreklamazioren bat, posible da emaitza bertan behera uztea, proba balio gabe uztea. Eta hori, esaterako, futbolean ez da gertatzen; epaileak penaltia adierazi badu penaltia da, nahiz eta hanka sartu.
Noski, erreklamazio horien aurrean oraindik epaileok zeresan handia dugu, teknologiak lagundu egiten duelako, baina erabakiak guk hartzen ditugulako.
 
Atletismoan modalitate mordoa daude. Eta guztietan ez da erraza izango epaile izatea.
Jose Ramon Petreñas: Niretako, duda barik, martxako lasterketak dira epaitzeko zailenak. Eta horregatik inoiz ez naiz horretara animatu [Barre]. Sekula ere ez naiz horrelako proba batean epaile lanetan ibili. Gainera, martxako epaileek aparteko ikastaroak egin izan dituzte, espezializatzeko.
 
Eta, modalitate politena?
Jose Ramon Petreñas: Krosa, duda barik. Eta, epaileendako ez da batere erosoa izaten: neguan izaten da, hotz egiten du, askotan euria, lokatz artean ibiltzen gara... Baina, duda barik krosak dira politenak.
Jon Ormaetxea: Nik ere krosa esango nuke, duda barik.
 
Hogeita zortzi urtetan ehunka anekdota pilatuko zenituzten.
Jon Ormaetxea: Anekdota mordoa ditugu kontatzeko, bai. Orain dela 23 urte Carl Lewis Anoetako belodromora etorri zen, Unipublic etxeak antolatu zuen lasterketa batera. Orduan Carl Lewisen urte onenak ziren, izarra zen, eta ni nengoen irteerako epaile moduan.
Hala, lasterketa hasieran Carl Lewisek balio ez zuen irteera egin zuen, irteera nulua adierazi nuen. Berak ez zuen onartzen, eta nik baietz esaten nion. Eta telebista irudiak daude biok eztabaidan, burua mugitzen: berak niri ezetz, eta nik hari baietz. Kasualitatez, etxean grabatu egin zituzten telebistako irudi haiek, eta bai, arrazoi nuen, irteera nulua egin zuen. Gainera, Simon izeneko kubatar batek irabazi egin zion lasterketan.

Jose Ramon, eta maniarik?
Jose Ramon Petreñas: Beti izaten dugu maniaren bat edo beste. Hasteko, beti izaten ditugu proba gustukoagoak, eta horrenbeste atsegin ez ditugunak. Horrekin batera, aurreko gauean lasterketarako material guztia prest izatea gustatzen zait, baina inoiz izan dugu arazoren bat edo beste. Santamasetako lasterketa batean, esaterako, ez nituen hartu pistolako kartutxoak –Irteera adierazteko– eta etxera etorri behar izan ginen korrika. Beste inoiz ere gertatu izan zait hori, eta txistua erabili behar...
 
Zeintzuk dira gustukoen dituzuen lasterketak?
Jose Ramon Petreñas:Niri Lasarteko krosa izugarri gustatzen zait. Igual ez da lasterkari onenak batzen dituen proba, baina giro berezia egoten da han.
Jon Ormaetxea: Korrikalari hobeak Elgoibarren batzen dira, Mugertza krosean, baina Lasarte berezia da, bai. Krosak alde batera utzita, Azpeitian Diego Gartziaren omenez egiten den maratoi erdia ere oso lasterketa ikusgarria da.
 
Ze atletak utzi zaituzte txundituta?
Jose Ramon Petreñas: Sergei Bubka ikusgarria zen, pertika jauzian sekulako erraztasuna zuen.
Jon Ormaetxea: Asko egon dira. Hesien lasterketan Javier Moracho madrildarra oso ona iruditzen zitzaidan, zelako erraz gainditzen zituen hesiak. Eta, modalitate berean Edwin Moses ikaragarria izan zen. Zortzi errekor jarraian izan zituen atleta horrek. Eta gaur egunera etorrita, Usain Bolt badirudi extralurtarra dela.

Debagoienean atletismo sei epaile ditugu, horietako bost Arrasaten: Jon Ormaetxea, Jose Ramon Petreñas, Julian Gallo, Julio Dominguez eta Jesus Soto. Eta, Jaime Gartzia bergararra da. Gipuzkoan, berez, 120 epaile daude, baina 45 lagun baino ez dira ibiltzen aurrera eta atzera, epaile lanetan.
Hori ikusita, Arrasate Atletiko Kanpantzar taldekoek abian jarri dute epaile izateko ikastaroa. Abenduaren 11n hasiko dute: "Harrera ona izan du, dagoeneko 20 laguneko koadrilatxoa animatu da-eta". Ikastaroan parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, eta 9 orduko ikastaroa izango da, hiru saiotan banatuta.
Ikastaroan, besteak beste, kronometro ezberdinak zelan erabiltzen diren irakatsiko dute, kronometro zaharretatik hasita. Eta hor, Arrasateko klubak badu altxo txiki bat, 28 urte dituzten Juvetud Deportiva Mondragon taldeko kronometroak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak