Euskararen Nazioarteko Eguna: gainontzeko 364 egunetan ere euskaraz bizi izatea helburu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko abe. 3a, 11:34

Euskararen Nazioarteko Eguna Eusko Ikaskuntzak 1949an sortutako ekimena da. Euskararen normalizazioa eta ofizialtasuna lortzeke oraindik, euskaldunok urtero ospatzen dugu abenduaren 3an. Bidea luzea da oraindik, baina oinarri sendoak ditugu: horren erakusle da egun berezi honen bueltan Arrasateko gaztetxo, ikasle eta langile askok euskaraz bizi gura dutela aldarrikatzeko aurrera eramandako ekimenak. Hori horrela dela islatzeko honako hiru adibideak hartu ditugu aintzat: Txatxilipurdiko gaztetxoak, Mondragon Unibertsitateko ikasleak eta Asmobi enpresako langileak.  

Txatxilipurdikoek lip-dub bat grabatu gura dute gaztetxoekin. Bihar, zapatua, geratu dira Arbolapetan, 16:00etan. Gaztetxo oro gonbidatu dute, geroago eta gaztetxo gehiago, hobeto.  
 
Mondragon Unibertsitateak, bestalde, unibertsitate liburuen erakusketa eta haren bueltan hitzaldi eta mahai-inguruak antolatu ditu asteon. Informazio gehiago 4. orrialdean duzue.

Asmobi enpresak ere konpromisoa erakutsi du euskararekin. 1993an sortua, galdaragintzan egiten dute lan eta 40 langile inguru ditu. Horietatik %40 inguru euskal hiztunak dira, eta Euskara Plana 2008ko urtarrilean jarri zuten martxan, Emun kooperatibaren aholkularitzarekin. 
Ordutik hauek dira egin dituzten lorpenak: errotulazioa euskaraz dago nagusiki, lan orria euskaraz edo erdaraz betetzeko aukera dute langileek, lantegiko dokumentu nagusia euskaraz dago, urteroko batzar nagusiaren %65 euskaraz egiten da, telefonoa hartzean euskaraz egiten da lehen hitza, langileekiko idatzizko komunikazioa euskaraz edo ele bietan egiten da eskatzen dutenaren arabera, euskarazko formazioa jaso nahi duenari enpresak finantzatzen dio euskaltegiko matrikula... Bakarra da helburua gazte, ikasle zein langile horiendako: gainontzeko 364 egunetan ere euskaraz bizitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak