Antxon Epelde: "Elur ona badago, edozein leku izan daiteke aproposa snowboardeko argazkiak ateratzeko"

Xabier Urtzelai 2010ko abe. 1a, 01:42

Antxon Epelderi (Arrasate, 1970) gurasoengandik datorkio argazkilaritzarekiko zaletasuna. SR taldearendako egiten du lan, Snowboard aldizkariko argazki editorea da eta Pedalier aldizkariko argazkilaria. Ziklismo denboraldia amaituta –Mallorcan erreportajeren bat du esku artean–, laster elurretan ibiliko da, snow denboraldiak emango dituen argazki on horien bila.

Snowboard egitetik, taula alde batera utzi eta argazkiak ateratzera; zaletasuna ogibide.
Bai, eta egia esan, kasualitatez izan zen. Snow egiten genbiltzan egun batean argazki kamera hartu nuen, eta orduan ateratako argazki batzuk aldizkari batera bidali eta argitaratu egin zizkidaten. Halaxe hasi zen dena.
Denak elurretan gozatzen dabiltzanean, norbera lanean.
Dagoeneko ohituta nagoen arren, gazteago nintzenean amorratuta ibiltzen nintzen. Taula gainean ibiltzeko egiten duen egunarekin, eta ni argazkiak ateratzen! [Barre] Argazkiak ateratzeko eguraldi txarra egiten duenean aprobetxatzen dut elurretan apur bat ibiltzeko.
Ezin da argazkiendako egun apropos bat snowa egiten galdu.
Ez, eta Pirinioetan gutxiago, batez ere elurra gutxitan egoten delako kalitate oso onaz. Beste leku batzuetan askotan izaten dira kondizio onak, baina ez Pirinioetan, eta horiek aprobetxatu egin behar dira.
Eta elurretatik errepidera, bizikletan dabiltzanei argazkiak ateratzera.
Bai, orain dela bost urte sortu zen Pedalier aldizkaria, eta bigarren zenbakian-edo hasi nintzen Pedalierrerako argazkiak ateratzen. Erabat ezberdina da, gusturago ibiltzen naiz elurretan, baina baditu bere gauza onak.
Argazkilari ikuspuntutik ere, ezberdina izango da lana.
Bai, elurretan askoz ere zailagoa da lan egitea. Pedalierren ziklisten lehen planoak atera beharrean normalean parajeak ateratzen ditugu, horren bila ibiltzen gara. Txirrindularitzako aldizkari espezializatuetan, Contadorren sufrimendu aurpegi bat ateratzeko balio du lehen planoak, baina zikloturistei zuzendutako aldizkari batean, argazkian atera behar dudan ziklista hori ez bada ezaguna, nahiago izaten dugu paraje eder horiei argazkia ateratzea.
Teknikoki elurretan lan egitea zailagoa izango da.
Bai, elurretan argazki on bat ateratzeak gehiago betetzen nau. Elurraren zuritasuna, erliebeak ondo bereiztea, saltoa egiten dabilen horri momentu egokian harrapatzea... Elurretan argia neurtzea zailagoa da, eta bestalde, gertatu izan zaigu egun oso bat arrapala bat egiten pasa, gauean euria egin eta lan guztia pikutara joatea. Argazkirik atera gabe, etxera buelta.
Eta ziklismoko argazkiak?
Horrek lan gutxiago du, egia esan, edonork atera ditzakeen argazkiak dira horiek. Mendate batean kurbak ondo ikusten diren leku bat aukeratu eta ziklisten zain egon izan naiz behin baino gehiagotan. Urbasara hiruzpalau aldiz jarraian joan eta gero lortu nuen argazki polit batzuk egitea.
Tarteka gozamena da horrelako argazki bat ateratzeko asmotan ibiltzea, lasaitasun osoz ibiltzen zarelako lanean. Irati Extrem eta horrelako probetan, berriz, estresanteagoa izaten da lana.
Elurretara itzulita, zelan dago snowboard mundua?
Behera etorrita dagoela esango nuke. Egia da orain dela urte batzuk sekulako gorakada izan zuela, eta hor goian jarraitzea ez zela batere erraza. Guk gaztetan neguko denboraldi osorako etxea alokatzen genuen Pirinioetan, eta gaur egun gazte gutxiagok egiten du hori. Ohitura aldaketa izan daiteke, eta noski, krisi garai honek ere eragin zuzena izango du. Marka handiek indartsu jarraitzen dute, baina txikiak errazago desagertzen dira. Guk, publizitatean ere igartzen dugu ez dela garairik onena.
Alderantziz, krisi garai honetan ere, zikloturismoa goraka doa.
Bai, baina hor bi kirol horiek praktikatzen dituztenen batazbesteko adinak ere badu zeresana. Snowboard-ean jende gaztea dabil, eta guk 22 urterekin soldata bat geneukan moduan, oraingo gazteek ez dute halakorik. Zikloturismoa, bestalde, jende nagusiagoak praktikatzen du, 30 urtetik gora-edo.
Pedalier aldizkarian eskertzen da bizikleta modelo berriak aurkeztera, edota profesionalen berri ematera mugatzen diren aldizkarietatik aldentzea.
Surfer Rule edota Snowboard aldizkarietan egiten duguna bizikletara eraman dugula esango nuke, eta jendeak ondo hartu du. Mendateen deskribapenak, parajeen erretratuak, iritzi artikuluak... Nik uste dut hor dugula indarra. Estatu mailan badira urte mordoa dituzten ziklismo aldizkariak, baina gu ari gara gure lekua egiten.
Surfeko argazkiekin ez zara animatzen?
Inoiz ibili izan naiz, baina horretarako mundutxo horretan sartuta egon behar duzu, eta argazkilaritza materiala ere bestelakoa da. Ni snowboard munduan sartuta nabil, bertako jendea ezagutzen dut, eta azken batean, hori nehar da. Gainera, bestela ere nahikoa lan dut, hortan...
Snow-ean, edota bizikletan argazkiak ateratzeko ze paraje aukeratuko zenuke?
Erantzuna ez da erraza. Txirrindularitzako argazkiak ateratzeko, Stelvio (Italia) mendatea ikusgarria da. Bertako argazki bat geneukan erredakzioan, eta deseatzen nengoen hara joateko. Baina, esaterako, Nafarroan, edota Palentzian, paraje ederrak daude. Alde horretatik, leku bakoitzak bere berezitasuna du. Snow-ko argazkiak ateratzeko, berriz, kalitate oneko elurra dagoen edozein toki da aproposa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak