Hori bai, Jaurlaritzaren toxostenak azpimarratu du ondo aztertu beharko liratekeela harrobi mota horrek lur azpiko iturriengan izan ditzakeen eragin posibleak, eta horretxegatik komeni dela zundaketa berriak egitea, ahalik eta zehatzen finkatzeko esplotazio mailarik baxuena zein izan beharko litzatekeen; maila hori, gutxienez, akuiferoen saturazio mailatik hamar metro gainetik egon beharko litzateke.
Bada, Jaurlaritzaren onespena jakinda, Udalean galdetu dugu ea zer gertatuko den orain Kanpantzar harrobiarekin, izan ere, Arrasateko Udalak, berez, uste du "hirigintza ikuspuntutik planteatutako ustiapen berriak ez duela egun udalerriko planeamenduaren estaldurarik". Bestela esanda, ez dagoela Egitamu Orokorrean sartuta, eta berez, harrobi horrek gaur egun ez dauka lekurik Arrasateko planeamenduan.
Zigor espedientea
Bestalde, Arrasateko Udalak joan den uztailean ulertu zuen ikerketari berari dagozkion lanak bukatutzat eman dituela Cantera de Campanzar enpresak. Eta beraz, mendi barruko meategitik kareharria ateratzen segitu gura badu, jarduera lizentzia berri bat eskatu beharko duela. Hori egin ez duenez, zigor espedientea abiarazi zuen urriaren amaieran harrobiaren jardueraren kontra.
Alegazioak falta
Bada, Udaleko iturriek jakinarazitakoaren arabera, eurei ere helarazi die Jaurlaritzak ingurumen eragina, eta gaur landuko dute gaia Udal Gobernuaren asteroko batzarrean. Dena den, gaineratu dute Jaurlaritzak ez dituela kontuan hartu eta ezta aipatu ere egiten Arrasateko Udalak proiektu horri aurkeztutako alegazioak.