Neska-mutikoak berdintasunean nola hezi landu dute hezikidetza tailerretan

Irati Goitia 2010ko aza. 18a, 17:51

Besteak beste, gurasoen jarrerek umeengan duten eragina, ipuinak, jolasak eta sexu-rolak izan dituzte hizpide asteon egindako tailerretan.

Arrasateko udal prebentzio sailak antolatutako guraso eskolaren barnean, hezikidetza da landu duten gaietako bat. Bertan neskak eta mutilak berdintasunean nola hezi ikasten jardun dute.

Izan ere, egungo gizarte eredu patriarkalean nahita edo nahi gabe ezberdin hezten ditugu neska-mutikoak Ane Labiano tailerreko gidariaren arabera.

Umeak ezberdin hezten ditugun kontzientzia hartzea izango litzateke, beraz, gure jarrerak aldatzeko lehen urratsa eta hurrengoa horiek aldatzen saiatzea. 

Izan ere, gure jarrerek umeengan duten eragina ere landu dute tailerrean: haurrengan bai gurasoek, bai jendarteak eta baita irakasleek ere duten efektua. Izan ere, Labianok dio umeek gugandik ikasten dutela.

Horrela, adibidez, neskek rol pasiboak hartzen dituztela uste du Labianok, emakumeengan jarrera hori nagusitzen delako gizartean. Baina ez gure jendartean bakarrik, baita liburuetan ere. Hala, Txanogorritxuren ipuinean dauden emakumezko guztiek, esaterako, rol pasiboak omen dituzte eta gizonezkoek aldiz, rol aktiboak.

Liburuak eta jostailuak ondo aukeratzearen garrantzia ere izan dute hizpide tailerrean: jostailu ez sexistak edo elkartasuna bultzatzen dutenak aukeratzea gomendatzen du Labianok, jolasa balioen solasa izan dadin.

Hala ere, jostailuek ez ei dute sexurik, ez omen dira maskulinoak ezta femeninoak ere. Helduek horiei ematen dieten erabilera edo horiekiko erakusten duten jarrera omen da haurrek jostailu horiek era batean edo bestean identifikatzea egiten duena.

Azken batean, eredu sexistekin apurtzeko beharrezkoa ei da gurasoen jarrera aldatzea eta haur bakoitza bere bakantasunean heztea, neska edo mutila den kontuan hartu gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak