Autobus geraleku aldaketa, datorren astelehenean

Ubane Madera 2010eko azaroaren 18a

Datorren astelehenean, azaroaren 22an, aldatu egingo dute Nafarroa etorbideko geralekuetako bat. Hain justu, markesina berria ipini dute asteon han, Udaltzaingoaren ondoan, eta astelehenetik aurrera, bertan geratuko dira autobusak, Etxetxikiak kaleko geralekuan beharrean.

Geraleku berrian geratuko dira Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagara doazen Lurraldebusen autobusak, eta baita Arrasateko urbanoarenak ere.

Informazioa ematen du

Markesina berezia da, gainera, Nafarroa etorbidean ipini dutena, inteligentea, kristalaren eskumako aldean badauka-eta teklatu handi bat lau botoirekin, eta horietan eskua ipiniz gero, markesinak berak informazioa ematen du, autobusen ordutegiari buruz, farmaziei buruz eta taxi eta bestelako zerbitzuei buruz.

10.000 euro

Arrasate Kristaldegia enpresak egindako markesina da hori, justu Nafarroa etorbidean bertan, INEMen ondoan dagoenaren estilokoa. Hori bai, orain ipini dutenak argindarrarekin funtzionatzen du, eta ez da autonomoa, bestea moduan. Izan ere, INEMen ondokoak haizearekin eta eguzkiarekin funtzionatzen du. 10.000 euro kostatu zaio Udalari markesina berri hori, baina berez, kostua da 18.000 eurokoa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak