Jon Goikolea: "Japoniera ikasi egin daiteke, gakoa da hizkiak zatika ulertzen ikastea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko aza. 12a, 07:00

Euskal Herriak eta Japoniak elkarrengandik ikasteko asko dutela uste du Jon Goikolea hizkuntzalari arrasatearrak. Elkartrukeak bi komunitateei "onura handiak" ekarriko dizkiela deritzo: "Japoniaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutu egingo dira laster; ez da ahaztu behar Japonia potentzia ekonomikoa dela. Beraz, elkar ezagutzeak merezi du. Elkarren arteko harremanak sendotuz asko ikas dezakegu", dio. Eta euskaldunok japoniarrengandik edaten has gaitezen japoniera ikasten hastea "ezinbestekoa" da, haren ustez. Baina nola ikasi japoniera?

Bada, Goikoleak horretan lagun diezagukeen gidaliburua atera berri du: Japoniar ideogramak. Azalean honakoa dio Goikoleak: euskaldunondako japoniera ikasteko modurik errazena da liburua. Domekan aurkezteko dute liburua, aste bukaeran Bilbon egingo den Nihon Jaia –nazioarteko japoniar jaialdia da– aprobetxatuz. Datorren astetik aurrera egongo da salgai Elkar dendetan, 25 eurotan. 

Ideograma eta piktogramak
Goikolea oinarritu da Jos R. De Roo abade flandiarrak japoniar hizkiak sailkatzeko asmatu zuen metodoan. Japonian bizi izan zen bederatzi urteetan De Rooren ikasle izan zen Goikolea.
Japonian ideograma edo piktogrametan oinarritzen dira idatziz adierazteko. Ideograma ideia baten oinarritutako irudia da eta piktograma, aldiz, irudi baten oinarritutako hizki bat. Horietan oinarritzen da, aldi berean, kanji literatura: guretako zirriborro ulertezinak diren hizkiak dira, baina Goikoleak dioenez, hizkiok ikasi egin daitezke: "Hasieran dena zirriborro bat dela dirudi, baina hizkien zati ezberdinak aztertzen hasten zarenean, konturatzen zara zentzua dutela. Irudi bidezko literatura hutsa dela ohartzen zara, eta hizkuntzarekin eta irudiekin nola jolasten duten ikusten duzu. Zatiak behin eta berriz errepikatzen dira eta horrek esangura bat du, logika bat jarraitzen dute". Zatiok ondo interpretatzen ikastean dago gakoa, haren ustez: "Liburuaren hasieran datoz kanji literaturaren gaineko argibideak eta hasierako atala menperatzen duenean, irakurleari askoz errazagoa egingo zaio aurrerago etorriko zaizkion argibideak ulertzeko."   

Azken bi urteotako lanaren emaitza
Ez da Jon Goikoleak eta Chieko Hatak euskara eta japoniera hurbiltzeko egin duten lehen saiakera. 2007an guztion eskura jarri zuten Interneten 20.000 hitz baino gehiago biltzen dituen euskarazko eta japonierazko berben itzultzailea. Bada, Japoniar ideogramak liburua azken bi urteotako lanaren emaitza da: "Euskaraz ez dago japoniera ikasteko libururik eta, nik dakidanez, ezta frantsesez eta alemanez ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak