Zezen jaialdien zilegitasuna eztabaidagai politikarien artean

Ubane Madera 2009ko uzt. 17a, 15:01
Korridak, zezen jaialdiak eta animalien kontrako tratu txarrak. Horiexek izan ziren Arrasateko politikarien eztabaidagai nagusiak, ikasturteko azkeneko osoko bilkuran, atzo, eguena. Alternatiba-Zutik koalizioak aurkeztutako mozioak eragin zuen eztabaida. Mozioa ez zuten onartu. Baina boto bakarrarengatik. Alde lau, kontra bost eta hamar abstentzio izan zituen.

Labur esanda, koalizioak Arrasateko udalerria Zezenketen Aurkakoa eta Animalien Laguna dela adieraztea eskatu zuen. Besteak beste, gura zuen Arrasateko Udalak ez dezala parte hartu “korridak bezalako ikuskizun krudeletan eta ezta animaliak torturatu edo hiltzen dituzten beste edozein ikuskizunetan”, eta honako hau ere bai: “Arrasateko Udalak udalerria zezen jaialdien kontrakoa eta animalien laguna” dela deklaratzea. 

Mozioaren alde bozkatu zuten Alternatiba-Zutik koalizioak eta EAk (lau boto); kontra PSE-EEk eta PPk (bost boto) eta Talde Mistoa eta EAJko hiru zinegotzi abstenitu egin ziren (hamar). Aralarko eta EAJko zinegotzi bana ez ziren osokoan izan.

Justu zezen jaialdien kontrakotasun adierazpen eskea izan zen politikarien eztabaidaren gakoa eta Alternatiba-Zutik koalizioaren mozioa ez onartzeko arrazoi nagusietako bat. 

PSE-EE eta koalizioa

Alderdi sozialistak animali eta landareen kontrako delituak zigortzen dituen legea badagoela gogora ekarri zuen eta besteak beste, Aritz Arrieta bozeramaile sozialistak argudiatu zuen zezen jakin batzuk existitzen direla korridei esker.

Alternatibako Ander Rodriguezek erantzun zion ordezkari sozialistari. Batetik, gogora ekarri zion animalien babeserako legeak zezen jaialdiak lege horretatik kanpo uzten dituela. Eta bestetik, honako galdera bota zion: “zezenak zezenketei esker bizirauten badute, orduan, koalen korridak ere egin beharko genituzke?”.  

Talde Mistoa eta EAJ

Oihana Aranburu Talde Mistoko zinegotziak, berriz, azpimarratu zuen Arrasaten korridarik ez dagoela eta oro har, Arrasateko Udala “ahalegintzen” dela animaliei “tratamendu egokia” ematen. Era berean, mozioa “hankamotz” geratzen zela ere esan zuen, ez datorrelako bat “herriaren errealitatearekin”, eta animaliei eragiten dieten bestelako tratu txarrak ez dituztelako kontuan hartzen; zirkoa ipini zuen adibide moduan.

Alkate ordearen iritziekin bat etorri zen EAJ. Arrasaten ez dagoela korridarik eta mota askotako tratu txarrak daudela. Rafael Uribarren zinegotziak txerri bodak eta ahari edo idi probak ipini zituen adibide moduan; esan zuen, baita ere, ez dela gauza bera zezenak hiltzen dituzten ikuskizunak eta hiltzen ez dituztenak; eta mozioa mahai gainean uztea  proposatu zuen, “hobeto lantzeko”, mozioaren intentzioa “zentzu onean” doalako.  

PP eta EA

PPk, berriz, honako galdera egin zuen: “Zer egingo dugu, bigantxak kendu? Guztiari ezin zaio ezetzik esan”. Lamarain bozeramaileak esan zuen, baita ere, mozioan guztia zegoela “nahastuta”. Gaineratu zuen Arrasateko Udalean daramatzan bi legealdietan ikusi duenez, Arrasateko Udalak “ez ditu eskuak garbitzen animaliak  babesterako orduan”. 

Eta EAren izenean, Pello Urizar zinegotziak azpimarratu zuen “animalia guztiek” sufritzen dutela bakarrik “gizakia ondoan izatearren”. Edozelan ere, esan zuen, baita ere, ez dela “gauza bera zezenketetako sufrimendua, Arrasaten zezenek sufritzen dutenarekin”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak