Zerrajeraren gaineko erakusketa zabaldu dute Kulturateko klaustroan

Edurne Burgaña 2007ko eka. 4a, 10:56
Egubakoitzean inauguratu zuten Kulturateko klaustroan Zerrajeraren mendeurrena ospatzeko egindako erakusketa: 'Zerrajera 101 argazkien zehar'. Lantegiak edukitako bilakaera argazkien bitartez ikusteko aukera ematen du.

Ignacio Lakuntza jarduneko alkateak ireki zuen inaugurazioa: "101. urteurrena ospatzen da erakusketa batekin. Erakusketak Zerrajeraren 100 urte erakusten ditu, baina Arrasate herriaren historia da. Joan zen mendeko garapen osoa Zerrajerari lotua egon zen. Hemen, bideo eta argazkiak daude hori ikusteko", esan zuen.

Argazkiak eta testigantzak

Argazkiei dagokienez, bi taldetan banatuta daude: batzuk historikoak dira, eta beste batzuk, Cristina Prat argazkilari katalanak erakusketarako egindakoak.

Bideoetan agertzen diren testigantzak Itxaso del Castillok jaso ditu: "Batetik, orain han lan egin duten bi gizon; oso lotuta daude Zerrajerari. Izan ere, euren familiako bost belaunaldik lan egin dute bertan. Euren historia da bertan ikusten dena", azaldu du. Beste alde batetik, lehen Arrasateren gainean ikertzen egondako bi historialari ere elkarrizketatu ditu: "Isabel Aramendia eta Leire Parra historialariak elkarrizketatu ditut. Orain dela hiru bat urte erakusketa egin zen. Lehenak dokumentazio eta katalogazio lanak egin zituen, eta bigarrenak,  testigantzak jaso. Hortik liburu bat atera zen: Arrasate, un pueblo forjado por sus trabajadores. Kuriosoa da ikerketa horretan bildutakoa: industria proiekzioak asko moldatu du arrasatearren nortasuna", gehitu du.

Lan luzea

Ainara Elgoibar eta Manuela Ciapponik elkarlanean antolatutako erakusketa da Kulturatekoa. Elgoibarrek azaldu duenez, "lan luze bat da. Hasieran, ideia oso orokorra geneukan, baina gehien gustatzen zitzaiguna zen Zerrajera bizirik zegoela. Bihotz txiki bat modukoa da, eta historiaren hari gorri bat, Zerrajeratik irten eta Arrasate osoan barrena dabilena. Argazkiak materialik interesgarrienak direla argi geneukan: balore historikoa edukitzeaz gain, politak ere baziren, artistikoak", esan du.

Ekainaren 30era arte egongo da zabalik erakusketa, martitzenetik domekara, 17:30etik 20:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak