Udal lan jarduna ez dela eten nabarmendu du gobernuak

Ubane Madera 2008ko mai. 23a, 11:40
Ino Galparsoro alkatearen kartzelaratzeak eragin zuzena izan du, jakina, udal jardunean: osoko bilkurarik ez, adierazpen publikorik ez… Badirudi Arrasateko Udala geldi dagoela, eta, hain zuzen ere, horixe da batek baino gehiagok uste duena Arrasaten eta inguruan. Bada, udal gobernuak uste hori zuzendu gura du eta zera adierazi du: "Arrasateko Udalak eguneroko funtzionamendu arruntaz jarraitzen du, hau da, udal langileek euren jardunean jarraitzen dute aldaketarik gabe. Aldiz, arlo politikoko funtzionamenduari dagokionez, Garzonen autoak, Ino kartzelaratzeaz gain, udal taldearen funtzionamendua ere baldintzatzen du etete aginduarekin, eta horrek hainbat esparrutan eragiten du. Baina, oro har, tarte horretan moteldu direnak batzorde informatzaileak bakarrik izan dira".

Edozelan ere, horrekin batera, gaineratu dute batzorde informatzaileak ez egiteak ez duela esan gura "egitasmoak edo proiektuak gelditzen direnik". Honelaxe azaldu dute: "Batzorde informatzaileek gaietaz sakon hitz egin eta informazioa gardentasunez tratatzeko aukera ematen dute. Ondorioz, alderdi bakoitzak iritzia eman dezake eta proposamenak egin eta posible denean adostasuna lortu. Baina batzorde informatzaileak ez dira organo erabakigarriak, erabakiak gobernu batzordean edo udalbatzan hartzen dira gaiaren arabera".

Eta azpimarratu dute badabiltzala eguneroko erritmoa berreskuratzen: "Garzonen autoa segurtasunez interpretatu ahal izateko denbora behar izan dugu, Udaleko nahiz beste instituzio batzuetako zerbitzu juridikoei zalantza ugari sortzen zizkielako; baina esan daiteke Arrasateko Udala, egunetik egunera, lan erritmo normala berreskuratzen ari dela. Aurrekontua gauzatzen jarraituko dugu. Bestalde, jaso dugun elkartasuna –alderdi batzuk, udal langileak eta herritarrak oro har– eskertu nahi genuke. Era berean, adierazi nahi dugu Inoren falta nabaritu egiten dela; baina prest gaude haren hutsunea betetzen saiatzeko; eta, ez dugu ahaztu behar Ino lehenbailehen udaletxera itzul dadin lanean jarraituko dugula eta ziur gaude arrasatearren elkartasuna handia izango dela hori lortzeko. Eta noski, Inori eskerrak eman gura dizkiogu, momenturo erakutsi duen duintasunagatik".

Lanen banaketa

Dena den, alkatea kartzelaratzeak halabeharrez lanen banaketa beharra ekarri du. Horren gainean zera argitu dute: "Legeak dioenaren arabera, alkateak egindako izendapenak hark soilik alda edo ezaba ditzake. Beraz, momentuz Inok zeuzkan batzordeak, Pertsonala eta Hirigintza, jarduneko alkate Oihana Aranburuk landuko ditu eta gainontzeko arloek lehengo berean jarraitzen dute".

Gutxiengoan, lehengo moduan

Bestade, orain arte udal gobernua gutxiengoan bazegoen, gutxiengo hori nabarmenagoa da orain, alkatea kartzelan dagoela. Horri zela aurre egingo dion ere azaldu du udal gobernuak: "Legealdi honetan udal gobernuak ez du gehiengorik izan; ez lehen EB-Zutik koalizioarekin batera geundenean, ezta ondoren ere. EB-Zutik koalizioak gobernua utzi zuenetik, zazpi zinegotzi izan gara gobernuko kide; aldiz, alkatea bahitu digutenetik, sei gelditzen gara. Honek zer suposatzen duen? Ba orain arte bezala edozein proiektu edo egitasmo aurrera ateratzeko beste batzuen adostasuna lortu behar dela; hau da, 11 bozka. Bestalde, aipatu ere, orain arte ere adostasunetara iristeko saiakerak egin ditugula eta hemendik aurrera ere horrela jarraituko dugula".

Horren harira, gaineratu dute beharrezkoak direla gainontzeko alderdi politikoekin harremanak, herriaren onurarako: "Gainontzeko talde politikoekin harremana legealdi hasieratik gaurdaino antzera mantendu dela esan dezakegu, ezinbestekoak dira alderdien arteko harremanak mantentzea Arrasateren alde lanean jarraitu ahal izateko".

Bukatzeko, azpimarratu dute Arrasate "salbuespen egoeran" dagoela: "Argi dago ez dela egoera normala gaur bizi dugun hau. Agerikoa da demokraziaren izenean Euskal Herriari salbuespen egoera inposatzen zaiola eta Arrasaten egoera honen itzala nabarmena da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak