Espainiako Gobernuak jarritako trabak izan zirela medio, baina, bederatzi egun behar izan zituzten Iturberen gorpua Arrasatera ekartzeko. Martxoaren 8an, HBk deituta, 50.000 lagun elkartu ziren ETAko kidearen aldeko hileta elizkizunean eta egin zitzaion omenaldian parte hartzeko.
Hala, gaur goizean, Arrasate Irratiko 'Igo Autobusera' saioan gonbidatu moduan izan ditu Aitziber Aranburuzabalak Xabier Zubizarreta eta Alvaro Arregi. Hemen dituzue saioan jasotakoak:
powered by ODEO
Lau atentatu
Frantzian zegoela, lautan ahalegindu ziren Txomin Iturbe hiltzen. Bigarren atentatuan, 1975eko azaroan, semeak ohartarazi zion auto azpian kable batzuk zeudela. Orduan, autoak eztanda egin eta aita-semea zauritu ziren. Zauri larrienak, baina, Biarritzeko tiroketan izan zituen (1979). Orduan, ezezagun batzuek tiroka hasi eta besoan eta hankan zauritu zuten. Atentatua dela-eta, Egin egunkarian egindako elkarrizketa baten negoziazioaren aldeko jarrera erakutsi zuen Iturbek, betiere KAS alternatibaren zentzuaren barruan. Hori horrela, alderdi abertzale moderatuek, ETA barruan, negoziazioaren aldeko gizontzat zeukaten Iturbe.
1986ko apirilean atxilotu zuten arrasatearra, Frantziako Estatuan, eta Bordeleko presondegira eraman zuten. Bi hilabete geroago, Frantziako gobernuak Gabon-era (Afrika) bidali zuen. Hango egonaldia hiru poliziaren zaintzapean egin zuen, apartamentu baten, eta handik Aljeriara bidali eta bertan euskal errefuxiatu moduan onartu zuten.
Txomin Iturberen heriotzaren berri ez zen berehalakoan eman. Aljeriako Gobernuarendako ez zen egoera samurra, Espainiako Gobernuak ez zekien-eta hiru lagun horiek Aljerren zeudenik errefuxiatuta. Egunak behar izan ziren Iturberen gorpua Euskal Herrira ekartzeko, Espainiako Gobernuak trabak jarri zituen-eta. "Guerrak –Alfonso Guerra, orduko Espainiako gobernuko presidenteordea– eragotzi egin zuen Iturberen aberriratzea, Aljeriak ETAko zuzendariekin izandako jarrera zuzendu arte". El Pais egunkariko izenburua da hori, 1987ko martxoaren 9koa.
Ikurrinak eskuan, pankarta handi batek egin zion ongietorria Txomin Iturberi. Martxoaren 8an bertan egin zuten Arrasaten hileta elizkizuna, eta baita omenaldia ere. Hurrengo egunean komunikabide guztiek zabal landu zuten egun hartako kronika. Batzuen ustez, "Gernikako arbolaren kimu ederrena"-ri egindako agurra; beste batzuen ustez, ETAren alde egiteko ekitaldi politikoa. Kontua da Ministerio Fiskalak ikertu egin zuela omenaldia, Julen Elgorriaga orduko Gipuzkoako gobernadore zibilak horrela eskatuta: "ETAren apologia egiteko manifestazioa izan zen". ETAren aldeko oihuekin batera, omenaldian batutakoek gogor egin zuten Espainiako Gobernuaren eta EAJ alderdiaren kontra.