Tona bat zabor pasa batu du Cespak Aratuste jai ostean

Ubane Madera 2009ko ots. 26a, 19:25
Guztira 1.020 kilo zabor batu dituzte, 660 kilo kalean utzitako karrozetatik, eta beste 360, kalean utzitako karrotxoekin. Udal ordezkariek onartu dute aurreikuspen falta izan dutela, baina era berean, herritarren ardura ere badela azpimarratu dute.

1.000 kilo zabor pasa, edo bestela esanda, tona bat zabor. Horixe da domeka eta eguazten goiza bitartean Cespa garbiketa enpresak Arrasateko kaleetan batu duen zabor kopurua. Gainera, batu dutena ez da ohiko zabor mota izan, hau da, plastikozko edalontzi eta halakoak, baizik eta, karroza osoak eta supermerkatuko karrotxoak dira, batez ere, jai-zaleek kalean utzi dituztenak. "Bakarrik karrozak desmuntatzen 3 ordu eman behar izan genituen bi langilek eta kamioi gidariak. Oso-oso ondo lotuta zeuden karrozak. Hori domeka eta astelehenean izan zen. Baina martitzenean oraindik ere Eroskiko karrotxoak batzen ibili behar izan ginen; guztira, 360 kilo txatarra batu dugu karrotxo eran".  

Herritarren kexuak

Hain justu ere, zabor horrek guztiak herritarren artean zeresana eta kexuak eragin ditu.  "Umearen karrotxoarekin ezin zitekeen kaletik ia ibili", kontatu du herritar batek. "Datorren urteko mozorroa kalean botatako osagarriekin egin ahal zen", kontatu du beste batek.
Are gehiago, Aratuste jaien antolaketa taldekoek ere salatu dute asteon izandako egoera; batetik, jaian ibili direnek erakutsi duten jarrerarengatik; eta bestetik, Udalak berak aurreikusi ez duelako urtetik urtera indartzen joan den Aratuste jaiaren ondorena. 

Udalaren azalpena

Domekakoa ikusita, Udalak onartu egin du aurreikuspen falta izan dutela. Zerbitzu Sailetik diotenez, "hausnarketa derrigor egin behar da". Diote euren buruak "gaindituta" ikusi dituztela. Eta diote, baita ere, Cespakoek egin zutela "euren zerbitzua", baina Udalarekin duten kontratuan ez dutela "domeka egun berezi moduan kontenplatuta". Hala, datorren urterako "brigada indartsuagoaren" beharra azpimarratu dute, Maritxu Kajoi edo Santamasetan moduan. Dena den, jaietan dabiltzanen hezkuntza kontua ere badela azpimarratu dute: "Garbitu, garbitu egin behar dugu. Gure obligazioa da herria garbi mantentzea, baina ahalik eta gutxien zikintzea denon obligazioa bada".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak