San Andres auzokoek pleno aretoa bete zuten, Cordoba y Oro plazaz kezkatuta

Jon Berezibar 2007ko abe. 14a, 16:31
San Andresko auzotarrek bete zen atzo pleno aretoa. Polmetasako etxeak egiten dituztenean Cordoba y Oro plaza moldatuko ei dutelako daude arduratuta bizilagunak eta kezka azaltzera joan ziren bilkurara. Horrez gain, Udalak onartu du Zerrajerako beste partzela bat saltzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari 5 milioi euro pasatxoren truke. Mozio politikoak ere eztabaidatu zituzte: Euskal Selekzioari, 18/98 auziari buruzkoa eta Frantzian tirokatutako Guardia Zibilen heriotza gaitzestekoa.

Osokoko gai zerrenda aldatu egin zuten azken momentuan, osoko bilkurara joan ziren San Andresko auzotarrek hala eskatuta. Izan ere, atzoko osoko bilkura hasteko orduan, aretoa jendez gainezka bete zen. Pertsona nagusi asko zegoen eta horrexegatik eskatu zuten plenorako aurreikusitako gai zerrenda aldatu eta euren kezka lehenengo puntuan azaltzeko aukera. Udalbatzarrak onartu egin zuen eskaera.

 

Cordoba y Oro plaza ez moldatzeko eskaera

Hori horrela, San Andresko auzotarrek azaldu zuten oso kezkatuta daudela auzoko Cordoba y Oro plazaren etorkizunarekin. Kontua da aurreko legealdian Udalak hitzarmena sinatu zuela San Andresen, Polmetasaren orubean 220 etxebizitza eraikitzeko. Orain, San Andresko auzotarrek jakin dutenez, obren proiektuaren arabera, Polmetasaren orubeaz gainera, Cordoba y Oro plazaren erdia erabili behar dute etxeok eraikitzeko. Eta gainera, etxeen altueraren eraginez, plazaren gainerako zatia ilunpean geratuko zaie. Osoko bilkuran udalbatzarrari jakinarazi zioten auzotarren artean ezinegona nabaria dela. Eta proiektuaren kontrako sinadurak batzen hasteko asmoa dutela. Halaber, udalbatzarrari eskatu zioten proiektu hori berraztertzeko. Adierazi zuten ez daudela etxebizitzak egitearen kontra, baina San Andresen ez dituztela Cordoba y Oro plazaren moduko espazio libre asko.
    Udalaren izenean, Ino Galparsoro alkateak erantzun zien egoera aztertu egingo dutela eta gero auzotarren ordezkariekin ipiniko zirela harremanetan. 

Jaurlaritzari salduko diote azkenean Zerrajerako lur-saila

Bestelako etxebizitza kontuan ere landu zituzten atzoko batzarrean. Kasu honetan, Zerrajerako etxebizitzen kontua. Izan ere, Udalak onartu egin zuen Zerrajerako beste partzela bat saltzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. Prezioa: 5 milioi euro pasatxo.  Hain zuzen ere, partzela hori da aurreko legealdiaren hasierako asmoen artean udal gobernuak Kutxari saltzeko asmoa zuena; baina proposamen horrek ez zuen aurrera egin eta atzo onartu zenaren arabera, partzela Eusko Jaurlaritzari salduko dio orain Udalak.

    Atzo onartutako hitzarmenaren ondorioz, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko ditu Zerrajerako partzela horretan; asko jota 108. Puntua onartu egin zen, baina ez aho batez. Aldeko 15 botorekin egin zuen aurrera, Eusko Abertzale Ekintzak, Ezker Batuak, Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Eusko Alkatartasunak bozkatu zuten alde. Kontra, berriz, alderdi sozialistak eta popularrak; Aralar abstenitu egin zen.

    Eta puntuak alderdien arteko eztabaida politikoa eragin zuen. Batez ere, oposizioak eta Aralarrek salatutakoaren arabera, atzo onartutako hitzarmenean ez dago inolako egutegirik. Hau da, ez dute etxeak eraikitzen hasteko datarik zehaztu. Itziar Lamarainek, PPko bozeramaileak adierazi zuen bere ustez hitzarmen horrek ez duela ezer esaten, 'kea besterik ez' dela, eta harritu egiten dela Visesari plazorik exijitzen ez diotela ikustean. Paco Gartziak, sozialisten bozeramaileak bat egin zuen PPkoak esandakoarekin.

    Ino Galparsoro alkateak erantzun zien plenoko gai zerrendako beste puntu bati esker, obrak egiteko epe bat finkatu ahal izango dutela. Eta Ander Rodrigezek, EB-Zutik koalizioko ordezkariak erantzun zien, besteak beste, badagoela halako kontuak bizkortzeko konpromisoa.

 

Hainbat mozio politiko

Atzoko osoko bilkurarekin bukatzeko, mozio politikoak aztertu zituzten, bilkuraren azken zatian aurkeztu eta landu zituztenak. Batetik, euskal selekzioaren aldeko mozioa onartu zuten. Hain justu ere, selekzio horren ofizialtasuna aldarrikatu zuten mozio horren bitartez, eta halaber, 'selekzio ofiziala den neurrian, Euskal Herriaren izenean lehiatzeko eskubidea aitor' diezaiotela eskatu. Horrekin batera, abenduaren 29an euskal selekzioaren alde Bilbon egin behar diren ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzea ere onartu zuten. Alderdi sozialistak eta popularrak kontra bozkatu zuten, gainerakoek, alde.

    Hurrengo mozioa, berriz, 18/98 sumarioaren epaiaren gainekoa izan zen. Eusko Abertzale Ekintzak aurkeztu zuen, besteak beste, salatuz epai hori Euskal Herriaren aurkako erasoa dela eta epai horren bitartez, Espainiar Estatuak Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lanean ari diren herritar eta kolektiboak kriminalizatzen dituela. Gogora ekarri zuen, baita ere, 55 auziperatu, 46 atxilotze agindu eta 500dik gora espetxe urte ekarri dituela sumario horrek. PSE ipini zuen epaiaren erantzule eta EAJ laguntzaile.

    Euzko Alderdi Jeltzaleak, bere aldetik, mozio alternatiboa aurkeztu zuen, epaiketa horren izaera politikoa salatuz, esanez, prozesu horretan guztiz onargarriak diren ekintzak legez kanpokoak izatera pasatzen direla eta bestak beste, laguntza eskainiz auziperatuei, haien senideei eta auziperatutako enpresa eta taldeei. Horrez gainera, EAEren salaketa oso "ofentsiboa" zela adierazi zuten.

    Puntu horretan, PPk adierazi zuen 'poztuko' litzatekeela ikusiko balu auziperatuak "kargu barik uzten dituztela", baina gaineratu zuen, "legeak kontrakoa badio, zigorra bete egin beharko" dutela. Gaineratu zuen, besteak beste, "ideiak arma barik defendatu behar" direla.

    Alderdi sozialistak, berriz, esan zuen botere judizialak hartzen dituen erabakiak errespetatu egiten dituztela eta eskubide estatua eta legeak defendatzen jarraituko dutela, besteak beste.

    Ezker Batuak eta Aralarrek, berriz, 18/98 sumarioa salatu zuten esanez ideiak kriminalizatzen dituela eta botere judizialaren independentzia zalantzan jarriz.   

Bozketa orduan, EAJren mozio alternatiboa onartu zuen udalbatzarrak, EAJ,  EA, EB eta Aralarren aldeko botoekin. EAE abstenitu egin zen eta gainerakoek kontra bozkatu zuten.

    Bukatzeko, alderdi sozialistak aurkeztutako mozioa landu zuten. Kasu horretan Frantzian gertatutako Guardia Zibilen kontrako atentatua gaitzesteko. EB-Zutik koalizioak mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Eta bozketa orduan koalizioarenak egin zuen aurrera. Haren arabera, Udalak erabat baztertzen du ETAren hilketa hori, elkartasuna adierazten die hildakoen senitartekoei eta ETAri exijitzen dio indarkeria utz dezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak