Puntako hiru bakarlari helburu bakar baten alde bat eginda

Iker Barandiaran 2009ko aza. 2a, 13:13
Israeli boikota, Palestinari elkartasuna lelopean Askapenak eta Arrasateko gaztetxeak jardunaldi bereziak egin zituzten joan den astean. Hala, horri bukaera emateko, kontzertua egin zuten egubakoitz gauean gaztetxean.

Musikari ezagunak batu zituen elkartasun dei horrek eta gitarra soilik eskuan zutela (talde barik) agertokira igo ziren bata bestearen atzean Mikel Urdangarin, Nabil Mansour eta Petti, hain zuzen ere.

Urdangarin, xuabe

Aspaldi ez genuen Urdangarin agertokian bakarrik ikusten, baina fin aritu zen haren jarraitzaileen gozamenerako; izan ere, batez ere neska asko batu zituen emanaldian eta doinu goxoekin liluratu egin zituen. Are gehiago, kantu ezagunenetan oinarritu zuen kontzertua, eta halako kantuak entzun ahal izan genituen: Oihana bat, Txatxamatxanilatxu eta Non geratzen den denbora, besteak beste. Are gehiago, palestinar eta sahararren aldeko hitzak esan zituen zornotzarrak.

Nabil Monsour, Bazel Zayed musikariaren ordez

Horren ostean, palestinar-kataluniarra den Nabil Monsourrek hartu zuen lekukoa. Bazel Zayed Palestinako musikari ezaguna iragarrita zegoen arren, horri Israelgo armadak ez zion hegazkina hartzen utzi. Hala, haren ordez Katalunian bizi den Nabil aritu zen.

Gertuko emanaldia egin zuen Nabilek. Gazteleraz Palestinaren egoeraren berri zabala eman zuen, eta kontzertuan arabiarra, ingelesa, gaztelera eta euskara tartekatu zituen.
L´Estaca kantu ezaguna katalanez eta arabiarrez abestu zuen, Kaliforniako Richard Heart musikariaren pieza bat bertsioneatu zuen eta Laboaren Txoriak txori euskara eta arabiarrez moldatu eta gaztetxeko ikusleak berarekin batera kantuan jarri zituen. Nabil hunkitu egin zen eta baita ikusleak ere. Kontzertua egin ostean, Bergarako gaztetxera jo zuen gau berean han ere abestu behar zuelako.  

Petti, eraldatzen den artista

Bukatzeko, Berako piztiak, Pettik, hartu zuen agertokia. Ohikoa duen moduan, eraldatu egin zen eta bat-batean Palestinatik San Ferminetako gau zoroenetik igarota Mississipi ertzeraino eraman gintuen, bluesa, rocka eta folka gure artean oso gutxik egin dezaketen moduan interpretatuz; betiko moduan, itzela!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak