Orain urtebete hasi zineten proiektuarekin. Nola?
Pokerra asko gustatzen zitzaigun joko moduan, baina orduan aukera bakarra kasinoetara joatea zen. Kasinoetan garai hartan hilean behin egiten ziren txapelketak eta oso garestiak izaten ziren; gure baliabideetatik kanpo. Beraz, gure erara jokatzeko elkartea sortzea erabaki genuen.
Zer lortu duzue urtebetean?
Egia esan, ezer gutxi, asko borrokatu dugun arren. Aholkularitza eta abokatuekin izan gara, eta baita Udalarekin ere. Udalak kultura jolas elkarte moduan jarduteko aholkatu digu eta hala egingo dugu, poker kluba instituzionalizatzea gura dugulako.
Eta nola doa elkartearen instituzionalizazio prozesua?
Eusko Jaurlaritzari baimena ematea eskatzen diogu, baina jakina halako kontuek luzerako ematen dutela. Gainera, pokerraren inguruan legea hutsunez beteta dagoenez, ez dakigu nola irtengo den dena. Guk, finean, poker zaleak bildu eta pokerra herri mailan sustatzea gura dugu, edozein egunetan egoitza ixtera etorriko diren beldurrik izan gabe. Izan ere, Sevillan eta Kantabrian, esaterako, zenbait lokal itxi dituzte eta sekulako isunak jarri. Hala ere, lokal horiek dirua irabazteko asmoz zabaldu ziren, modu ilegalean. Eta hori da, hain justu, guk egingo ez duguna.
Irabazi asmorik gabe eta modu legalean, hortaz.
Hala da. Dena legala izatea gura dugu. Adin txikikoek, esaterako, ezin izango dute jokatu.
Pokerra sustatzea da gure helburua. Hots, pokerraren irudia garbitu eta jendeak kirol moduan hartzea, xakea bailitzan, adibidez. Badakigu-eta Arrasaten oso jokalari onak daudela. Poker klubak benetan jokalari onak direnak babestuko lituzke txapelketa handietan parte har dezaten.
Bazkideez osatutako elkartea izango da. Zenbat zarete orain?
Dozena bat lagun ibili ginen proiektua martxan jartzen. Elkartearen berri ematen hasi ginenetik [orain gutxi] 47 eskakizun jaso ditugu, eta egoitzan gehienez 30 lagunek jokatu dezakete aldi berean, hiru mahairendako lekua baitago. Izena ematea zabalik dago, helbide honetan: www.arrasatepoker@hotmail.com. Elkartea guztion artean eroatea da asmoa, oinarrizko arau batzuk errespetatuz. Gastuak bazkide guztien artean ordainduko lirateke; egin ditugun kalkuluen arabera, hilean 20-30 euro inguru.
Noiz zabaltzeko asmoa duzue?
Lokala orain bertan zabaltzeko moduan dago, baina baimena behar dugu. Hala ere, baikorrak gara eta espero dugu irailean edo urrian zabaltzea.
Pokerrak gogor astindu du Euskal Herria, eta Arrasate ez da salbuespena. Zer uste duzu pokerraren boom horretaz?
Telebistan poker saioak jaio dira bat-batean, eta hor interes ekonomikoak daude. Izan ere, saio horiek guztiak poker webguneek egindakoak dira, dirua irabaztea helburu dutenak.
Baina, aldi berean, ondo datorkigu, poker zaletasuna ere bultzatu dutelako. Arrasaten hainbat taberna eta gazte lokaletan pokerrean jokatzen dela soberan dakigu. Guk poker zale horiek gure elkartean batzea gura dugu.
Zer deritzozu internet bidezko poker partidak jokatzeari?
Ondo dago, modu kontrolatu batean egiten bada. Hala ere, oso arriskutsua da eta ia konturatu gabe, dirutza gal daiteke.