Oteizaren 'Bizirako proiektua' erakusketa egubakoitzean zabalduko dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ots. 5a, 12:12
Gipuzkoako herri ezberdinetatik pasa ostean bihar helduko da Arrasatera Oteizaren 'Bizirako proiektua' deritzon erakusketa ibiltaria. Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatutako ekimena da, 2008ko udazkenean abiatu zena. Erakusketa interesgarri horrek helburu informatiboa du, Oteiza eta haren artea ulertzeko gakoak ematea, hain zuzen. Erakusketa bihartik martxoaren 1a arte egongo da zabalik.

Artearen munduan Jorge Oteiza (Orio, 1908-Donostia, 2003) letra larriz idatzita dago. XX. mendeko Euskal Herriko –eta Espainiako– artean funtsezkoa izan den egilea da. Egilea eta eragilea, beste artistengan sekulako eragina izan duelako, horien inspirazio iturri izateraino. Oteizaren obra teoriko zein plastikoak oihartzun handia izan du hamaika esparrutan, besteak beste, eskultura, pintura, arkitektura, poesia, estetika, zinema, antropologia, hezkuntza edota politikan. 

Erakusketa ibiltaria

Oteizaren jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatutako ekimena da. Bizirako proiektua du izenburu erakusketak, eta 2008ko udazken hasieran abiatu zen. Abiatu, bai, erakusketa ibiltaria baita. Eta dagoeneko hainbat herritan egin du geldialdia, hala nola, Zarautz, Orio, Azkoitia edo Eibarren. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta Jorge Oteiza fundazio museoak laguntzen duen proiektua da eta finean, izenburuak dioenez, Oteizaren bizitza eta haren ibilbidea laburtzen du.

Oteiza ulertzeko gakoak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak jakinarazi duenez, erakusketaren helburua ez da Oteizaren biografia osoaren inguruko azalpen sakona ematea, baizik eta "artista oriotarraren pentsaera eta sorkuntza adierazpena ezagutarazteko gakoak ematea". Hortaz, helburu dibulgatzaile argia dauka. Bestalde, Kulturate moduko aretoentzat dago bereziki prestatuta. Hau da, arrazoi tekniko eta mantenu baldintza ezak direla-eta, Oteizaren pieza originalak jaso ezin ditzaketen aretoentzat. Hala, artistaren obra handiak baino, haren arteari lotutako atal ezberdinen inguruko elementu informatiboak jarriko dira.

Bost ataletan banatuta

Oteiza eta haren artea hobeto ezagutzeko erakusketak bost bloke ditu. Lehenak biografia du hizpide; bloke horretan Oteizaren bizitza kontatzen da, testu eta irudiekin. Bigarrenak, atal bibliografikoak, Oteizaren ahalmen sortzailea islatzen du. Horretarako artistaren argitalpenak erakusten dira. Gizarte eta kultur ekintza  arloak, bestalde, Oteizaren gizarte proiektu eta egitasmo pedagogikoak azaltzen ditu. Gainera, kultur ekintza eta sorkuntzaren garrantzia azpimarratzen du, eta norbanakoaren eta gizartearen eraldaketarako oinarrizkotzat aurkezten dira.

Laugarren sailean hizkuntza  da protagonista. Oteizaren jomuga izan zen euskara aurre-indoeuroparra eta hizkuntzaren arloan zuen mundu-ikuskera erakusten dira. Azkenik, erakusketako atal nagusiak Oteizaren obra  azaltzen du, haren bilakaera aztertuz. Horretarako, artistaren eskultura lanen irudiak erabiltzen dira.

Hilezkor izatea lortu du Oteizak, eta martxoaren 1a bitartean Kulturateko klaustroa izango da horren lekuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak