Osokoaren gehiengoak babestu zuen aurrekontua, aldeko 12 botorekin

Ubane Madera 2008ko urt. 28a, 09:32
2008ko udal aurrekontuak aurrera egingo du. Udal gobernuaren proposamenaren alde bozkatu zuten Eusko Alkartasunak eta Aralarrek, eta jakina, udal gobernua osatzen duten Eusko Abertzale Ekintzak eta Ezker Batua-Zutik koalizioak. Kontra, berriz, alderdi sozialistak eta alderdi popularrak bozkatu zuten eta Euzko Alderdi Jeltzalea abstenitu egin zen.

Hori horrela, aldeko 12 botorekin, kontrako bostekin eta lau abstentziorekin onartu zuten aurtengo aurrekontua eguenean. 

Sintonia ona

Azpimarragarria da alderdiek nork bere botoak arrazoitzerako orduan, alderdi sozialistak izan ezik, gainerako guztiek udal gobernuaren jarrera positiboa nabarmendu zutela. Deigarria da aurreko legealdiarekin alderatuta, oraingoz, behintzat, oposizioaren eta udal gobernuaren artean dagoen sintonia ona.

Esaterako, Euzko Alderdi Jeltzalea abstenitu egin zen aurrekontua bozkatzerakoan. Baina horrekin batera eta Rafael Uribarren zinegotzi eta diputatuaren ahotan, aurrekontuak lantzeko eta negoziatzeko orduan, udal gobernuaren "eskuzabaltasuna"  nabarmendu zuen alderdi jeltzaleak. Gaineratu zuen egueneko batzarrean abstenitu egin baziren ere, ikusitakoa ikusita, aurrera begira "elkarren artean akordioak lortzeko aukera" izango zela pentsatzen zuela. 

Sozialistei dagokienez, gainerako alderdiek esandakoaren kontrakoa aditzera eman zuten, hau da, eurek ez dutela parte hartzeko aukerarik izan aurrekontuak egituratzeko orduan. Hala adierazi zuen Carmen Atxutegi sozialistak, eguenean bozeramaile lanak egin zituen zinegotziak. Udal gobernuak horrenbestetan aldarrikatzen duen  demokrazia eta gardentasunik ez dela egon gaineratu zuen.

Alkatearen balorazioa

Edozelan ere, aurrekontua gehiengoz onartu zuten eta gainera, kritika positiboekin. Ino Galparsoro alkateak esandakoaren arabera, lan handia egin dute hori lortzeko: "Baloratzen dugu positiboki baina nik uste dut saiakera berezia egin dugula beste alderdien partehartzea ziurtatzeko eta euren ekarpenak ere proiektuan integratzeko".

Bestalde, eta kontrako boto edo kritiken aurrean, alkateak bestelako arrazoiak eman ditu: "PPk planteatu du presoen familiei ematen zaien diru ekarpena dela-eta berak ezin dituela aurrekontuak onartu. Ikuspuntu desberdinak ditugu hor; izan ere gure ustez partida hori sinbolikoa besterik ez da, familiek jasotzen duten eta ez dagokien zigor baten konpentsazio sinbolikoa. Berak ez du hori konpartitzen eta hor dugu desberdintasun inportantea".

Alderdi sozialistak esandakoaren aurrean, berriz, zera eman du aditzera Galparsorok: "PSE-EEren aldetik aldez aurretik baldintza moduan ipini dute Eudelek udal hautetsien, nire iritziz, soldaten gaineko planteatzen duena aplikatzea. Beraz, ez dugu izan aukerarik eurekin beste eztabaidarik izateko. Beste alderdiak konpartitzen ez duen aldez aurreko baldintza bat ipintzen badute, ez dago aukerarik euren partehartzea gauzatzeko".

Aurrekontua nondik nora

Egueneko batzarrean onartutakoari begiratzen badiogu eta kopuruei dagokienez, berriz, 2008an 44,5 milioi euroko aurrekontua izango du Arrasateko Udalak. Hortik kopururik altuena Udalak berak erabiliko du: 42,1 milioi euro; Iturbide egoitzarendako, berriz, ia bi milioi euro izango dira eta AUKEArendako milioi bat eta zazpiehun mila euro pasatxo.

Gizarte zerbitzuak indartuta

Bestelakoen artean, EB-Zutik koalizio gobernukideak aurrekontu horren "izaera soziala" azpimarratu gura izan zuen, esanez, helburu nagusia duela "udalerrian sortzen den aberastasuna banatzea". Hori baieztatzeko, Joseba Ugalde bozeramaileak aditzera eman zuen Zerbitzu Sozialendako diru "partida garrantzitsuak" bideratuko dituztela, besteak beste etxez etxeko laguntzarako, larrialdi laguntzetarako edo herrialde behartsuenei laguntzeko %0,7a ematea. Horrekin batera, nabarmendu zuen inbertsioen artean badela partida bat Herritarren Partehartzea bultzatzeko plana lantzeko. Eta oro har begiratuta, Ugaldek adierazi duen "udalerriaren bizi kalitatea hobetu" gura dutela, "justizia soziala, berdintasuna eta iraunkortasuna" bultzatzeko lan handiagoa eginez.

Diru gehien, zerbitzuetara

Udal aurrekontuaren banaketari dagokionez, 13 sail edo batzorde ditu gaur egun Udalak. Labur azalduko dugu segidan zela banatuko dituzten diruak batzorde horien artean.

Hala, 13 sailon artetik Obra, Zerbitzu eta Auzoen batzordeak eramango du aurrekontuaren zatirik handiena: %30 pasatxo. Hirigintza etorriko da gero, %18 pasatxorekin. Eta Osasun batzordearendako izango da aurrekontuaren %14,5.

Handitik txikirako ordenarekin jarraituz, Kultura eta Kirolak etorriko dira gero, aurrekontuaren %10a pasatxo hartuko du sail horrek. Pertsonal edo langile kontuendako, berriz, izango da aurrekontuaren ia %6a eta Ingurumena eta Enplegua izeneko batzordeari egokituko zaio ia %5,5a.

Eta beste sail batzuk aipatzearren, euskara sailak hartuko du aurrekontuaren %3,26a, hezkuntzak ia %2a, gazteriak %1,42a eta aurrekontuko zatirik txikiena Emakume Sailarendako izango da: %0,73.

2008tik 2011ra arteko inbertsio plana

  • Urbanizazioak: Erguin, Grupo San Juan, San Josepe…    9,4 milioi euro
  • Zerrajera 2 gunearen urbanizazioa    6,4 milioi euro
  • Udal azpiegiturak (ura, argiteria, bide publikoa…)    6 milioi euro
  • Erlojuaren eraikina (Musika Etxea eta Industria Museoa)    5 milioi euro
  • Elmako eraikina birgaitzeko    4 milioi euro
  • Abaroa erretiratuendako etxe berria egiteko    4 milioi euro
  • Iturbide Egoitza birmoldatzeko    3,8 milioi euro
  • Zalduspe urbanizatzeko    3,6 milioi euro
  • Alde zaharreko urbanizazioak    3,2 milioi euro
  • AUKEAko inbertsioak    2,2 milioi euro
  • Udal artxibo berria    2,2 milioi euro
  • Aldain parke berria egiteko    2,1 milioi euro
  • Biltegia eta Euskaltegia    1,9 milioi euro
  • Altamira-Ferixalekuko igogailua    1,5 milioi euro

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak