Osokoa III: herriko presoei elkartasuna adieraztea onartu dute

Ubane Madera 2009ko eka. 5a, 14:27
Eta atzoko udalbatzarraren kontakizunarekin bukatzeko, landutako bi mozioen gainekoak azaltzea tokatzen da. Bata Udal Legea egitearen aldekoa zen, EAk aurkeztu zuena eta bestea, berriz, herriko presoei elkartasuna adierazten diena, Portaloira Topaguneak aurkeztu zuena.

Lehenengo eta behin eta eztabaidak eztabaida, esan beharra dago bi mozioak onartu zituztela zinegotziek. EAk aurkeztutakoari dagokionez, aspaldiko kontu baten gainekoa da, izan ere, aldarrikatzen duena da Udalei erabakitzeko eskumen handiagoa emango dien Udal Lege bat egitea. Alderdi politikoen eztabaidan esandakoen artean, adibidez, nabarmendu zuten Euskal Autonomia Erkidegoa dela Estatuan udal legerik ez duen gune bakarra.

Mozioa onartu egin zen, baina ez aho batez; alderdi sozialistak kontra bozkatu zuen eta PP abstenitu egin zen. Alderdi politikoen eztabaidari dagokionez, labur esanda, puntua onartu ez zuten alderdiek gainerakoei aurpegiratu zieten gobernuan izan diren 30 urteetan ez dutela udal legerik egin, eta beraz, orain ez dela zilegi udal legea aldarrikatzea. Gainera, jakinarazi zuten PSE-EE eta PPk hitzarmena hartuta dutela udal legea lantzeko.

Presoen eskubideak

Presoen aldeko mozioari dagokionez, berriz, Portaloira Topaguneak aurkeztu zuen, 1.800 herritar baino gehiagoren sinadurak babestuta. Labur esanda, presoen eskubideak errespetatzeko eskaera aurkeztu zuten mozioaren bitartez, bereziki, Jon Agirre, Josu Uribetxeberria eta Jose Inazio Gaztañaga presoenak. Eurek aldarrikatutakoaren arabera, aurreneko biak larri gaixo daudelako eta Gaztañagak kaleratzeko data beteta dutelako.

Mozio horren eztabaidarako hainbat herritar azaldu ziren osoko bilkuren aretoan. Tartean, Joxepa Arregi, Zabarte preso politikoaren amak bere lekukotasuna helarazi zien zinegotziei, kontatzen, besteak beste, zela bere semea urtetan izan duten Ceuta edo Canarias bezalako lekuetan kartzelatuta, etxetik milaka kilometrora.

Alderdien arteko eztabaidan, berriz, alderdi sozialistak gogor egin zuen mozio horren eta osokoen aretoan azaldutakoen kontra; besteak beste, azpimarratu zuen kartzelan dauden ETAko presoak kartzelan daudela delituak egitearren eta gainera, leporatutako delituak oso gogorrak direla. Eta salatu zuen mozioari babesa ematen dietenek distantziakidetasuna erakusten dutela biktima eta presoen artean. Hainbat herritarrek torturatzaile eta halako oihuak egin zituzten Haritz Arrieta sozialistak berba egiten zuen bitartean. 

Bozketa orduan, mozioa onartu zuten Talde Mistoaren, Aralarren eta EAren aldeko botoekin. Kontra bozkatu zuten PSE-EEk eta PPk eta EAJ, berriz, abstenitu egin zen.

Laguntza ekonomikoa

Kontuak kontu, esandakoa, onartu egin zuten atzoko mozio hori. Eta horrek esan gura du, orokorrean, Arrasateko Udalak babesa erakutsiko diela herriko preso politikoei. Besteak beste, mozio horren bitartez onartu zuten, baigta ere, sakabanaketak sortutako gastuen portzentaje bat udaletxeak bere gain hartzea. Eta baita ere, Udal ordezkariek parte hartzea hileko azkeneko ostiralean presoen senideek egiten duten elkarretaratzean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak