Osoko bilkuran onartu egin zuten Larrialdiko Etxebizitza zerbitzua

Ubane Madera 2009ko eka. 5a, 13:31
Gai esanguratsuak landu zituen udalbatzarrak atzoko osokoan (eguena). 15 puntu mahai gainean, guztiak onartu zituzten; eta ia guztiak, gainera, aho batez. Hain zuzen ere, aurkeztutako bi mozio politikoak izan ezik. Hori bai, ia puntu guztietan izan zen alderdi politikoen arteko eztabaida. Kontuak kontu, atzoko bilkuran onartu zituzten gaien artean badira batzuk azpimarratzekoak. Adibidez, Arrasateko Udalak Larrialdietako Etxebizitza zerbitzua abiaraztea onartu zuela. Eta onartu zuen, baita ere, Garagartzan egokitu dituzten ortuak herritarren artean banatzeko irizpideak.

Guztiz berritzailea da Larrialdiko Etxebizitza zerbitzua inguruan. Izan ere, orain arte Arrasaten eta inguruko herrietan bazegoen genero indarkeria jasaten zutenendako etxebizitza zerbitzua, baina Arrasateko Udalak handitu egin du zerbitzu horrekin lotutako eskaintza, hain zuzen ere, larrialdi egoeran dauden bizilagun guztiendako. Xehetasunak landuko ditugu segidan.

Sei baldintza

Etxebizitza hori erabili ahal izango dute pertsona batek baino gehiagok batera. Jakina, Udalak zehaztutako baldintzetako bat betetzen badute. Sei dira baldintza horiek:"kalean bizitzea; pertsonen segurtasun fisiko edo emozionala arriskuan jartzen duten familia gatazka larria gertatzea; senitartekoren bat etxebizitzatik berehala ateratzea agintzen duen epaia baldin badago; epai irmoz agindutako kaleratzeak (baliabiderik ez izateagatik ez ordaintzea, jabeak etxebizitza behar izatea, hondamen deklarazioak edo antzekoak); pertsonaren bizitoki den eraikina hondoa jotzeko zorian dagoela jotzea eta bestelako gizarteratze edo harrera zerbitzuren batean izan ondoren bizitza independentea egiteko egokitze epea eta prestakuntza behar duten pertsonek".

Baldintza horietakoren bat betez gero, larrialdi egoeran dauden pertsonak berak egin beharko du etxebizitza eskuratzeko eskaera udaletxean. Eta jasotzen dituen eskeren artean erabakitzeko orduan, lehentasunak emateko bi irizpide kontuan hartuko ditu Udalak: etxebizitza faltari konponbidea ematerik ba ote dagoen edo helburu hori lortzera bideratutako jarduerak martxan jartzerik bat ote dagoen; eta Arrasaten erroldatuta egotea. Edozelan ere eta nahiz eta Arrasaten erroldatuta ez egon, “Larrialdiko Etxebizitzaren onuradun izan daitezke, baldin eta Arrasaten bizi badira”.  

Ostatu edo hotel batean, alternatiba

Bestalde, etxebizitza horretan ez bada lekurik, ostatu edo hotel batean egonaldia egitea proposatu ahal izango da, baldin eta eskatzailea Arrasaten erroldatuta badago.
Udalak, asko jota, hilabete izango du jasotako eskaerei erantzuteko eta epe horretan erantzun ez badu, eskaera ez dutelako onartu izango da. Era berean, "beharra muturrekoa eta larria denean, Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak eskatzailea Larrialdiko Etxebizitzan berehala sartzea proposatu ahal izango du".

Behin Larrialdiko Etxebizitzan plaza eskuratuta, "ezaugarriak eta harreraren beharra eragin duen egoera konpontzeko dauden aukerak kontuan hartuko dira iraupena erabakitzeko. Nolanahi izanda ere, zerbitzuak ez du sei hilabete baino gehiago iraungo".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak