"Oso talde zabala da gurea eta ateak zabalik daude edonorendako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko urr. 5a, 13:43
60 urte betetzear dituela "gazte eta ilusioz beteta" sentitzen da Mariasun Pagoaga. Eta gazte eta ilusioz beteta dago ere, Pagoagak dioenez, Doke antzerki taldea. Pagoaga antzerki taldea sortu zenetik da bertako kide. Harekin izan gara berbetan, ikasturteari hasiera eman diotela aitzakia hartuta.

Eman diozue hasiera ikasturteari. Zenbatgarrena da dagoeneko? Nola sortu zen taldea?
Aurten seigarren ikasturtea da. Hasieran, Goikobaluren ospakizun baterako obra bat antzeztea zen asmoa; antzezlan hori bakarrik egin behar genuen. Baina lan haren ondoren aurrera segitzea erabaki genuen eta ordutik hona, urtez urte proiektua indartzen eta finkatzen joan da. 

Zer duzue helburu?
Doke antzerki taldearen helburu nagusia ondo pasatzea da, hori argi daukagu. Horrez gain, zerbait emankorra egiteko aukera izaten badugu, ondo baino hobeto! 

Gaur egun, zenbat kide zarete?
Orain arte 15 lagun ginen, baina aurten beste bi kide etorri zaizkigu. Zuzenean etxera deituz jarri dira harremanetan gurekin eta horrek erakutsi digu jendea gauzak egiteko gogoz dagoela. Guk ateak erabat zabalik ditugu edonorendako.
Gainera, denetariko jendea dugu taldean: 21 urtetik 62 urte arteko lagunak. Hori bai, guztiok gara gazteak; nik neuk ia 60 urte ditut, baina gazte eta ilusioz beteta sentitzen naiz, taldeko beste kideak moduan. Halako proiektu batek diziplina minimo bat behar du, baina oso talde zabala eta umoretsua gara.

Eta gehienak aurrez antzerkian esperientzia edo ikasketarik izan gabe...
Hala da. Taldeko kide izateko ez da antzerkian esperientzia edo ikasketarik izan behar, ezta gutxiago ere. Pentsa, hasieran ez genuen esango hau guztia aurrera irtengo zenik, baina hemen gaude oraindik, eta dagoeneko sei urte dira. Antzerkiaren oinarriak ikasteaz gain, lotsa albo batera uztea lortu dugu. 

Ikasteko bada, edozertarako gertu zaudete, beraz.
Zalantza barik. Antzezteaz gain, gure taldean falta diren gauzak osatu gura ditugu: makillajetik hasita agertokia prestatzeraino. Lan horretan ezinbestekoa da gure zuzendari Itziar Rekalderen lana. Rekalde trebea eta oso profesionala da antzerkiaren munduan. Ideia paregabeak izaten ditu, eta gu ideiok osatzen saiatzen gara. finean, harekin ikasi dugu dakigun guztia.

Noiz eta non elkartzen zarete?
Astean bost ordu inguru egiten ditugu. Martitzen eta eguenetan biltzen gara Jose Luis Iñarra kalean dugun egoitzan, 18:30etik 21:00etara. Hala ere, antzezlan bat prestatzen bagabiltza, egun bat gehiago egiten dugu astean.

Baduzue proiekturik hasi berri duzuen ikasturterako?
Aurten astez aste ikasten joatea da gure asmoa, tailerretan. Datorren urtean Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzi duen eta oso-oso polita den obra antzeztu behar dugu, Arrasatek 750 urte beteko dituela-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak