Olandixoko tunelaren proiektua onartu du Arrasateko Udalak

Usoa Agirre 2007ko ira. 13a, 10:54
Horrekin batera hainbat puntualizazio ere egin ditu udalak Foru erakundeari zuzenduta eta lurjabeek alegazioak ere jarri dituzte. Diputazioak horiei erantzuna ematen dienean emango dio udalak proiektuari behin-betiko onarpena.

Uztailaren amaieraz geroztik jendaurrean izan da proiektu hori, desjabetu beharreko lurren zerrendarekin batera. Eta irailaren 8an bukatu zen alegazioak aurkezteko epea.

Bost eskaera

Udaleko Hirigintza Sailetik jakinarazi dutenez bizpahiru alegazio aurkeztu dituzte Olandixoko tunela egin behar duten leku inguruan lurrak dituzten hainbat jabek. Horrez gainera, udalak bost puntualizazio edo eskaera helaraziko dizkio Gipuzkoako Diputazioari, proiektua garatu behar duen erakundeari. Tunelaren obrak egiterako orduan kontuan hartu beharko lituzkeen bost eskaera dira udalak egin dituenak:

1).- Mugarrietako bidegurutzea: Bidezati berri honek eta GI-627 errepideak bat egiten duten gunea ez da ondo geratu eta, deserosotasuna eta arriskuaz gain, hasiera hasieratik trafiko ilada luzeak sortuko dituelakoan gaude. Hori gainditzeko aukera egon badago, bidegurutzea bi mailatan osatu eta trafiko lehentasunak biribilgune handi baten bitartez bideratuz.
Ezin dugu ahaztu leku horretatik Deba ibaia, GI-627, egungo GI-2620, bide berria, Deba arroko bidegorria, tranbia, oinezkoen pasabidea eta goitik Eibar-Gasteiz autobiea pasa beharko direla egunen batean.

2).- Uribarri aldean, saihesbidearen lanak antzinako zubi koxkor bat
desagertzea dakarte. Bere egunean zubi horrekin zer egingo zen aztertuko zela agindu bazen ere, dirudienez proiektuan proposamenik ez da ageri.
Agian beste nonbaitera eraman daiteke eta hori ere kontutan hartu beharko litzateke.

3).- Proiektuak hartzen dituen lurren artean jarduera ekonomikoetara
zuzenduta dagoen A.E. 61.-MUZIBAR esparruko batzuk jasotzen dira. Ikusiz Arrasaten era horretako lurren gabezia eta, aurreikusten diren beharrak asetzeko ez dagoela zergatik esparru hori ezinbeste ukitu behar, afekzio hori zuzentzea ere bidezko litzateke.

4).- Proiektua aurkeztu den eran Egitamu Orokorrak aurreikusten duen bide lotura bat behin-betirako galeraztea dakar. Zehaztuz, A.E. 17.-MARKULETE eta A.E. 20.-OLANDIANO 1 (Alecoop kokatzen den gunea) esparruen arteko lotura. Berau lortzeko aurrikusten den zubia zabaltzea besterik ez litzateke beharko.

5).- Ezin izan da baieztatu ea desjabetze lerroa bat datorren A.E.  22.-MENDIBARREN esparruko Zatiko Egitamuan jasotako lerrokadurekin. Haiek errespetatzea ezinbestekoa litzateke eta oso erraza beti ere.

Horiexek izan dira udalaren eskaerak. Orain Diputaziora bidaliko dituzte eskaera horiek alegazioekin batera. Guztiak erantzun eta gero, proiektua behin-betiko onartuko dute eta segidan lursailen desjabetze espedienteari hasiera emango diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak