Nunila Lopez: "Denok dugu 'aski da!' esateko eskubidea zoriontsu ez bagara"

Leire Kortabarria 2010ko api. 16a, 12:26
Nunila López bartzelonarrak eta Myriam Cameros iruindarrak ahoz ahokoaren bidez mundu osoan irakurria izan den 'La Cenicienta que no quería comer perdices' ipuinaren egileak dira. Orain, euskaraz argitaratu du Txalapartak ('Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi'). Egileek lanaren berri emango dute martitzenean, hilak 20, Kulturaten, 19:00etan. Lópezen esanetan, "ipuina denondako da: emakumeendako, gizonezkoendako, umeendako…"

 

-Zelan sortu zen La Cenicienta…?

-Orain dela urte asko idatzi nuen, Bartzelonako Horta auzoko tratu txarrak jasandako emakumeen elkarte baten enkarguz, gida baterako. Gero nik editatu nuen eta CDan salgai jarri nuen. Myriamek entzun zuen eta esan zidan marrazkiak egingo zituela. Handik bi urtera ekarri zizkidan marrazkiok eginda.

-Laburtuko diguzu istorioa?
Ezkondu egiten den eta zoriontsu ez den Mari Errauskine bat da. Halako baten, nahikoa da! esaten du. Eta hortxe utziko dut, ez dut bukaera kontatuko.

-Emakumearen gaineko istorioa da, hortaz?
Bai, emakumearen gainekoa eta zerbait gustatzen ez zaigunean nahikoa dela esateko dugun eskubidearen gainekoa. Hasieran, emakumearen gainekoa zen, eta tratu txarren gainekoa, baina gero konturatu ginen denondako zela: gizonezkoendako, umeendako… Edozeinek esan dezake aski da!, eta ez bakarrik tratu txarrei dagokienez: lana, adiskidetasun harreman bat… zoriontsu egiten ez gaituen edozer gauza eteteko eskubidea dugu.

-Planeta argitaletxeak eskaintza egin zizuen…
Bai; hasieratik egin zigun argitaratzeko eskaintza, baina guk autoeditatu egin gura genuen eta ezetz esan genion. Ez geneukan dirurik eta negozioa zuten lagun batzuei mezua bidali genien, diruz lagun ziezaguten publizitatearen truke. Haiek beste lagun batzuei bidali zieten, eta horrela, munduari bira eman zion, eta ezagutzen ez genuen jendearengandik lortu genuen dirua. Hori da izan dugun laguntza, jende arruntarena, eta baita institutu, ikastetxe… askorena.

Ipuina martxoan irten zen autoeditatuta; Planetari baiezkoa ekainean eman genion, eta urrian argitaratu zuten. Txalapartari ere baiezkoa eman genion. 24.000 ale saldu ditugu. Arrasateko aurkezpenean, liburua eta CD batzuk izango dira salgai.

-Zer iruditzen zaizue horrelako oihartzuna?
Oso pozik gaude, merezi dugu, baina ez genuen espero. Gehien hunkitu eta animatu gintuena izan zen hasierako erantzuna, jendearena.
Dena dela, ni kontalaria naiz, ahozkotasuna lantzen dut, eta + benetan gustatzen zaidana agertokira igotzea da. Kabaret bat daukat. Nire ipuinetan, hainbat gai lantzen ditut: homosexualitatea, hiesa, berdintasuna… inork landu nahi ez dituen gaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak