Nafarroako bandera Arrasateko dragoiaren aldamenean

Ubane Madera 2010ko mai. 14a, 17:00
Bihar, maiatzak 15, Arrasateri hiri-gutuna eman zioteneko 750. urteurrena da. Hori gogoan, "Arrasateko naparrek" Nafarroako bandera ipini dute Santa Barbara parkean, Arrasateko dragoiaren ondoan, "gure jatorri eta izaera naparra aldarrikatzeko", euren esanetan.

Gaztelako Alfontso X. Jakintsua Erregek hiribildu izateko eskubidea aitortu zion Arrasateri 1260ko maiatzaren 15ean. Data horren aurretik, baina, "Arrasate nafarra zen, Goikobaluko gaztelua horren adibide". Hala uste dute "Arrasateko naparrek".

Bada, nafar izaera hori gogora ekarri eta aldarrikatzeko altxatu dute gaur (egubakoitza) Nafarroako bandera Santa Barbarako dragoiaren ondoan, "gazteluaren aztarnapean".

Garibairendako ere bai

Izan ere, gaztelu hura eraikitzeko agindua eman zuenaren identitatearekin guztiak ados ez dauden arren, Esteban Garibai Zamalloa historialari arrasatearrak XVI. mendean esan zuen Antso Abarka, Iruñeko Erregek emandako agindua izan zela. 

Garibaik idatzitakoa

Hara zer idatzi zuen Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España izeneko liburuan:" Antso Abarkaren ondasun bezala aurkezten dituzte zenbait herri; Gasteiz eta Donostia ez dira hark sortuak, eta Arrasaten gotorlekua eginarazi zuen, gero Mondragon deitua. (...) Antso Abarkak Gipuzkoan zein eraikin eginarazi zituen aztertzen hasita, eta agiri fidagarriei jarraiki, herrian dagoen gaztelua horietako bat dela baiezta dezakegu; orduan Arrasate esaten zioten (...) eta gero Mondragon (...). Printze horrek gaztelu gotor bat eginarazi zuen Arrasate herriaren gainaldean, harrizko mendi koskor eder baten gainean, zeinak baitirudi propio horretarako sortu zela; garai hartako gotorlekuek bezala, irispide zaila zuen, mendiaren alde guztietan aldapa piko-pikoarekin (...). Gazteluari erasotzea zaila zen Antso Abarkaren garaian, baina egun ere, suzko tresna izugarriak erabili arren, ezin da leherrarazi, ez eta kanoiz eraso ere milia eta erdira; horregatik, zutik iraun zuen, Joan II.a Gaztela eta Leongoaren erregealdiko zazpigarren urte arte. Errege horrek eraitsarazi zuen, herritarrek hala eskatuta, istiluz betetako garai hartan gehiago erabiltzen baitzuten gaizkileek herritarrek baino; egun, dorretzarrak eta zimenduak ikus daitezke, izan zenaren erakusgarri (...).”  (Hiru.com)


 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak