Musikaz poesia egiten duen piano jotzailea

Miren Arregi Amasorrain 2010ko mai. 2a, 22:14
"Gaur eskainiko dudan errepertorioa oso egokia da hau bezalako eliza batean interpretatzeko. Bach, Ravel eta Granados bezalako konposatzaileen lanek indar berezia hartzen dute halako elizetan" esanez hasi zuen Alessio Bax Italiako piano jotzaileak, Arrasateko Udaberriko VI. Musikaldiaren baitan eskainitako kontzertua. San Juan Bataiatzailearen parrokiak kontzertu bikaina entzuteko baldintza guztiak betetzen zituela zirudien, baina, kontzertua hasi ahala ohartu ginen, akustika aldetik bikaina dela zalantzan ipini barik, hura ez zela Alessio Baxen kontzertua entzuteko tokirik egokiena; Kaleko umeen zaratek, une askotan, entzuleek arreta galtzea ekarri zuen.

Bach eta musika barrokoa

Bi zatitan banatu zuen Bax-ek emanaldia. Lehenengoan Johann Sebastian Bach barroko garaiko konposatzaile handiaren lau pieza eskaini zituen; bigarrenean, XVII. mendetik XX.erako saltoa emanez, Ziburun jaiotako Maurice Ravelen eta Enrique Granados kataluniarraren lanak. Lehen zatian musika barrokoari begira jarri gintuen; bigarrenean, aldiz, inpresionismoari eta erromantizismoari. Italiarrak jakin zuen ikuslearen ezaugarriak kontuan hartuta, kontzertu gustagarri bat egiten. Entzuteko errazak diren kontzertu horietako bat eskaini zuen eta hasi, oso modu leunean egin zuen. Hain justu, Johann Sebastian Bach-en Sheep May Safely Graze abesti ezagunarekin hasi zen, minez dagoen munduari bake zantzuak eskaintzen dizkioten akordeen artean dantzan.    Ondoren etorri ziren, betiere konposatzaile alemaniarraren errepertorioarekin jarraituz, Largo, Siciliano edota Chacona bezalako maisu lanak.
Laugarren horretan sentitu ahal izan zen pianoaren indarra bere espresiorik gorenean. Eliza goitik behera etorriko zela ere bazirudien batzuetan, mendeetan zehar zutik dirauten zutabe eta arbotanteek pianoaren bortizkeria eutsiko ez zutela sentitzera iristeraino.

Ravel eta granados bigarren

Bigarren zatian erakutsi zuen Bax-ek piano jotzaile gisa dituen gaitasun itzelak. Maurice Ravelen eta Enrique Granadosen lanak interpretatu zituen, gogoz eta indartsu. Nortasun handiko partiturak eta nortasun handiko piano jotzailea horiek interpretatzen.

Munduko onenetarikoa

Munduko piano jotzaile onenetarikoa kontsideratzen dute musikan adituek. Guk ere izan genuen hori frogatzeko aukera. Ezustekorik ere izan zen, hain justu,bi bis egin zituen: lehenengoan, pieza klasiko bat interpretatu zuen, soilik ezkerreko eskua erabiliz eta bigarren bisarekin, honezkero egin ez bazuen, ikuslea bereganatu zuen; Johannes Brahmsen Dantza hungariarra obraren interpretazioak, eliza zutik ipini zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak